Arrapala berriak aurrekoen ezaugarri berak izango dituztela iragarri dute Getxoko Udaleko arduradunek: irristagaitzak izango dira, bandalismoaren aurkako eskudela-sistema izango dute, eta LED argiztapena izango dute. Era berean, Udaletik azpimarratu dutenez, azpiegitura berriaren fabrikazioan eta horniduran karbono aztarna murrizteko neurriak ere hartuko dituzte, eta babes elektriko berriak gehituko dituzte.
Obrak hasi aurretik, Ligustrum Japónica Negra espezie inbaditzaileko zuhaitzak kenduko dituztela ere iragarri dute, fruitu eta hostoen gehiegizko erorketak eragindako arrisku eta matxurak saihesteko. Horren ordez, koniferoak landatuko dituzte inguruko berdeguneetan.
Lanek trafikoan eragina izango dutela ere ohartarazi dute, hala, irailaren azken astean eta urriaren 6tik aurrera, aparkalekuak libre utzi beharko dira Bidezabal, Aralar eta Sarrikobaso kaleen artean, arrapalen egiturak kentzeko eta berriak jartzeko beharrezkoak diren makina astunak eta garabiak kokatzeko.
Lanek hainbat fase izango dituztela zehaztu dute: hobiak berrikustea eta garbitzea, egiturak eta kableak instalatzea, balaustrada berriak jartzea eta azken probak egitea. Horri esker, Bidezabal kalean lau arrapala guztiz berritu eta martxan egongo dira azaroaren erdialderako.
Bestalde, Udalak gogorarazi du arrapalen mantentze-lanak hurrengo urte bietan urteko 141.570 euroko kostua izango dutela, eta beste bi urtez luzatzeko aukera ere baduela.