Gurutzaontzien turismoa mugatu eta Kirol Portuko hotel berriaren proiektua bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2025ko ira. 18a, 10:46

Bi gurutzaontzi Getxoko portuan.

Tokiko EH Bilduk deitoratu du Bilboko Portu Agintaritzak hotel bat egin gura duela Getxoko Kirol Portuan. Udal taldearen esanetan, lau izarreko, 190 logelako eta 26 metroko altuerako eraikina gurutza-ontzien turismoa bultzatzeko estrategiaren parte da, eta, horregatik, proiektua bertan behera uztea eskatu dute. Horretarako, mozioa aurkeztuko dute datorren osoko bilkuran.

Koalizio abertzaleak azaldu dutenez, hotel berri horren bidez, Portu Agintaritzaren helburua da Getxoko kaia “home-port” bihurtzea, hau da, gurutzaontziek bertan hasi eta amaitu ahal izatea bidaia. EH Bilduren ustez, ordea, azpiegitura horrek “inpaktu bisual handia” izango luke kostaldean, eta ez litzateke herritarren beharretara egokituko, baizik eta kruzeroetako bidaiari eta langileei zerbitzua ematera.

Alderdiak azaldu duenez, azken urteetan "nabarmen" egin du gora gurutzaontzien turismoak Getxoko portuan. Gogoratu duenez, 1997an heldu zen lehenengo kruzeroa Getxora, eta geroztik turismo-mota honen gorakada "etengabea" izan dela salatu du: "2006. urtean Getxoko lehenengo kaia ireki zen; 2014. urtean bigarrena; eta 2017. urtean geltoki berria". Aurten, gainera, marka guztiak hautsi direla deitoratu du: 90 ontzi baino gehiago eta 150.000 turista inguru Getxoko portuan. Are, "hamar egunetan gurutza-ontzi bi egongo dira aldi berean portuan; eta bi egunetan hiru kruzero". Hala ere, EH Bilduren arabera, ez dago datu zehatzik turismo mota honek herrian uzten duen ekarpen ekonomikoari buruz. Ildo horretan, zalantzan jarri du horretan egiten den inbertsio publikoen ondorioz eratorritako ekarpen ekonomikoa, "turismo-mota hau justifikatzeko gehien erabiltzen den argudioa". Izan ere, salatu duenez, bisitari gehienek ontzian bertan jasotzen dituzte zerbitzu eta otordu gehienak.

Gainera, ingurumenean eta bizilagunen egunerokoan izan ditzakeen ondorioak ere azpimarratu dituzte. Kruzeroek sortzen duten kutsadura, Algortako erdigunean autobus turistikoek eragindako pilaketak edota Bilboko Zazpikaleetan sumatzen den turistifikazioa aipatu dituzte adibide gisa. “Argi dago Getxo ez dela Bartzelona eta edota Venezia, baina hemen ere momentuz 'zenbat eta gehiago, hobeto' filosofiarekin jarraitzen dugu, norabide horretan”, ohartarazi dute.

Horren aurrean, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Getxoko osoko bilkuran. Bertan hiru eskaera nagusi jasotzen dira: Portu Agintaritzak gurutza-ontzien turismoaren sustapena bertan behera uztea, Getxoko kaia “home-port” bihurtzeko asmoak gelditzea eta Kirol Portuko hotel berriaren aurka alegazioak aurkeztea.

EH Bilduren iritziz, “zenbat eta gehiago, hobeto” logikatik aldendu eta herritarren bizi-kalitatea eta ingurumenaren babesa jarri behar dira etorkizuneko turismo-ereduaren erdigunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun