Getxoko Udala "interes handiz aztertzen ari da" Kirol Portuan hotel bat egiteko proposamena

Ander Zarraga 2025ko ira. 18a, 16:00

Hotela gurutzaontzietan datozen bisitarien egonaldirako pentsatuta legoke, besteak beste. © BILBOKO PORTU AGINTARITZA

Udalerrian ostatu-edukiera handitzeko Legealdiko Planean jasotako konpromisoari erantzunez, Getxoko Udalak adierazi du "interes handiz" aztertzen ari dela Kirol Portuan hotel bat egiteko aukera. Proiektua oraindik hasierako fasean dagoela baieztatu dute, baina Bilboko Portuko Agintaritzak daborduko izapidetze administratiboa martxan jarri du, eta Udalak proposamenaren xehetasunak sakon aztertuko dituela iragarri du.

Duela bi urte, Portu Agintaritzak eraikin mota hori ahalbidetzeko asmoa azaldu zuen, eta Udalak bat egin du norabide horregaz. Lau izarreko hotelak 175 eta 190 logela artean izango lituzke, zortzi solairu eta 26 metroko altuera izango lituzke, baina Udaltik adierazi dute oraindik proiektuaren inguruko xehetasunak zehaztu gabe daudela, eta gaineratu du proposamen zehatzaren unea iristen denean egingo dela azterketa sakona. 

Momentuz, Kostalde eta Itsas Zuzendaritza Nagusiak kontrako jarrera azaldu du, itsasertzaren ikuspegia oztopatuko duela argudiatuta. Ministerioak argi utzi dio Portu Agintaritzari irizpide horiek ez direla betetzen, eta orain bi erakundeen arteko kontsulta-aldi bat irekiko da adostasuna bilatzeko. Portuak, bere aldetik, Estatuko Abokatuaren babesa eskatu du.

Amaia Agirre Getxoko alkateak esan du udal-gobernuak herritarrekin hartutako konpromisoa argia dela: "Herritarrekin dugun konpromisoa argia da: Getxok ostatu hartzeko gaitasuna indartu behar du, helmuga turistiko gisa eta inbertsiorako eta enplegurako udalerri erakargarri gisa hazten jarraitzeko. Proiektu hau aukera bat izan daiteke norabide horretan aurrera egiteko, betiere prozedurak errespetatuz eta proposamenaren xehetasun guztiak zorrotz aztertuz".

Era berean, Udal-arduradunek jakinarazi dute aste honetan bertan argitaratutako Portu Erabileren Planaren aldaketa arretaz aztertuko dutela. Horren bidez, proposamenaren nondik norakoak sakonago ezagutuko dituzte eta, egoki ikusten badute, alegazioak aurkezteko aukera izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun