Azaldu labur-labur zertan datzan antolatu duzuen ekimena...
Aste horretan EHUn bi ekimen antolatu dugu sareetan aplikatzen diren matematiken ikerketa bultzatzeko. Alde batetik, Sociedad de Estadistica e Investigacion Operativa (SEIO) elkartearekin antolatuta, joko-teoriari buruzko SEIO ikastaroa, matematikako doktoretza ikasleei zuzendutakoa. Bestetik, NetGCoop 2025 nazioarteko kongresua antolatu dugu, non azkenengo urteetan sareetako ikerketan emandako aurrerapen zientifikoak partekatzeko aukera izango dugun. Guztira nazioarteko 60 ikerlari baino gehiago parte hartuko dugu jardunaldi hauetan.
Askotan matematikak oso arlo abstraktu gisa ikusten ditugu. Zergatik dira hain garrantzitsuak gure egunerokoan?
Matematika aplikatuaren bidez, ereduak sortu ahal ditugu errealitatea nolakoa den azaltzea ahalbidetzen diguna. Eredu matematikoak, azken finean, formulak dira. Horrela, formula horietan optimizazio teknikak (deribatuak esate baterako) aplikatzen dira errealitatearen funtzionamendua hobetzeko.
Gertura ekarrita, nola laguntzen digute matematikek, berbarako, Internet azkarragoa edo argindar sare seguruagoa izaten?
Internet sarean aplikatzen diren ereduak probabilitatean oinarrituta daude. Horiek erabiliz, Internet sarearen kudeatzaileek jakin dezakete erabiltzaileok ordenagailuetan ikusi edo bidaltzen dugun informazioa nondik bideratu ahalik eta azkarren ailegatzeko. Adibidez, azken urteotan ikusi da Internet bidez informazioa bidaltzeko Europatik Estatu Batuetara, azkarrago ailegatu ahal dela Hego Amerikako herrialdetik pasatuz gero.
Bi jarduera nagusi izango dituzue: sareetan aplikatutako joko-teoriari buruzko ikastaroa eta NetGCoop kongresua. Zer da joko-teoria eta zertarako balio du?
Joko-teoria matematikako arlo bat da, zeinetan interakzioan dauden elementu bakoitzak erabakiak hartzen ditu, besteek zer egiten duten kontuan hartuta. Joko-teoria, adibidez, errepide sareetan aplikatzen da; izan ere, autoan goazenean aurreratzeko erabakia hartzen dut aurrekoa oso motel badoa eta tokia badugu aurrerakuntza egiteko.
Bigarren jardueran, sareakaz lotutako matematikak izango dituzue oinarri, tartean horien eragina gaur egun denon ahotan dagoen adimen artifizialean. Zure ustez, zer erronka izango dituzte matematikek eta adimen artifizialak datozen urteetan?
Adimen artifizialari esker, aurrerakuntza handiak ematen ari dira sareen ikerketan. Hurrengo urteetara begira, sareen tamaina eta konplexutasuna asko handituko dela kontuan hartuz, nik uste dut adimen artifizialak eta matematikak duten erronka aurrerakuntza handien joera jarraitzea dela.
Jende askok pentsatzen du adimen artifiziala arriskutsua izan daitekeela. Matematikaren ikuspegitik, nola laguntzen du AAk sareak seguruagoak eta bidezkoagoak izaten?
Matematikak erabiliz, aurreikusi daiteke noiz eta nolako zibererasoak egon daitezkeen sareetan. Eredu horien estimazioak kontuan hartuta, sareen kudeatzaileek neurriak hartu ditzakete erasoa ekiditeko edo haren ondorioak murrizteko.
Energia eta elektrizitateak ere lekua izango du jardunaldiotan. Duela gutxi, hilaren 9an, enpresek ohartarazi zuten sare elektrikoa gainezka dagoela. Matematikek egoera horri aurre egiteko aukera eskainiko lukete?
Arazo hori gertatzen denean, sarearen kapazitatea zenbait lekutan handitu behar da. Sare elektrikoaren funtzionamendua azaltzeko grafo teorian oinarritutako eredu matematikoak planteatu daitezke. Horietan, aztertu daiteke sareak non behar duen kapazitea handitu sare elektrikoaren saturazio maila murrizteko.
Jardunaldiok, orokorrean, nori zuzenduta egongo dira?
Sareen inguruko ikerketan dauden pertsona guztiei. Matematikariak ez ezik, ingeniariak eta ekonomialariak ere parte hartuko dute jardunaldi hauetan; haiek ere sareetan aplikatzen baitute haien ezagutza.
Eta amaitzeko, zu nola hasi zinen gai honetan? Zer izan zen sareen inguruko matematiketara erakarri zintuena?
Nik formakuntza bikoitza dut; Ingeniaria eta Matematikaria naiz. Horrela, matematikak ikuspegi praktikotik lantzea nahiago izan dut betidanik. Orain dela 15 urte ezagutu nuen EHUko ikerketa talde baten sareen inguruan egindako lana eta, ordutik, horretan lanean jarraitzen dut.