Nola ulertzen dute umeek adiskidetasuna?
Umeek ez dute ulertzen adiskidetasuna guk ulertzen dugun moduan. Askotan sentitzen dute elkarbizitzan dauden bere pareko guztiak adiskideak direla. Lar eraikitzen dizkiegu guk halako kontzeptuak. Oso ohikoa da irakasleek esatea "denok izan behar gara lagunak", edo gurasoek esatea "honen laguna ez zaitez izan, kalte egingo dizu-eta". Umeek bizitzarekin bat egiten duen prozesu baten bitartez ulertzen doaz adiskidetasuna. Horretan, alde batetik, euren erreferenteek eskaintzen dizkieten informazioak daude, eta bestetik, euren bizipenak.
Euren hastapenetan, euren zentzumenen bidez jasotzen dutena bakarrik ezagutzen dute eta gero harremanak egiten doaz. Orduan, ulertzen dute nor den bera eta non hasten den bestea. Baina adinaren eta haurraren arabera adiskidetasuna era batean ala bestean ulertuko du, segun eta prozesu horretan zein bide egin duen.
Uste duzu umeen artean beti daudela markatuta rol batzuk?
Adiskidetasuna da taldean egon ahal izateko prozesu bat. Talde guztiak sistema bat dira bere horretan, eta kide bakoitzak rol bat izango du oreka mantendu ahal izateko. Ume bakoitzak topatu behar du zein den bere lekua. Horretarako baldintzatuta egongo da ea nola irakurtzen dituen besteen feedbackak eta gero haur bakoitzak horretarako dituen baliabideak. Ez da izango haur bera hasierako kontaktu batean edo hurrengoetan, garapenarekin oso lotuta dagoelako eta baliabide horiek garatuko direlako denborarekin.
Nola kudeatu dezakegu ume bat talde baten barnean dagoenean eta jarrera erasokorra duenean?
Ume batzuek hartzen duten jarrera erasokorra denean, profesional gisa aztertu behar da zein gabezi duen horrek. Zergatik ez dituen garatzen bestelako baliabideak. Batzuetan, indar gehiegi erabiltzen dugu sintoma hori zuzentzen saiatzen: "Ez jo", "ez egin hozkarik"... Horretan geratzen bagara, sintoma horiek indartu ditzakegu.
Zeintzuk dira haur batek garatu beharko lituzkeen baliabideak halako jarrerarik ez izateko?
Lehenengoa da sinpatia, gai izatea besteen emozioak identifikatzeko eta imitatzeko. Hurrengo urratsa da enpatia. Sinpatiarik gabe ezingo dugu enpatia lortu. Eta hori gabe, ezingo dugu bestearen lekuan kokatu. Umeek sinpatia nahiko berezkoa izaten dute, baina enpatia garatzen joan behar dute. Komunikazioa ere behar dute horretarako eta adimen emozionalean ere aurrerapauso batzuk eman.
Beste aldean dagoenaren kasuan, hau da, menpeko rola hartzen duenari, zein aholku emango zenioke?
Menpekorik ez balitz egongo menperatzaileak ez luke bere lekua bertan aurkituko. Bi alderdiekin lan egin behar da. Bere burua menperatzen uzten duen horrek segur aski ez du izango bere baliabideekiko eta bere komunikazioarekiko federik. Errazagoa da horrelako harreman bat mantentzea denbora gehiegi mantentzen duten haurren artean edo talde bakarra partekatzen duten umeekin. Eskaini beharko litzaizkioke eremu gehiago non baliabide horiek egiaztatu ditzakeen: parkean, eskolaz kanpoko jarduerak, familian barruan…
Izan ere, sistema bakar horretan jarraitzen badu, kostatuko zaio ikustea berak ere baliabideak garatu ditzakeela. Menperatzaileak segur aski izango ditu horiek askoz ere landuagoak. Autoestimua indartzeko, pertsona orok behar duguna da gure kabuz lorpenak eta helburuak eskuratzea. Gure baliabideak kontrastatzea. Lehen esan bezala, prozesu bat da laguntasuna, eta ikusten badugu prozesu horretan ataskatuta gelditzen dela, goazen bada sistema ezberdinak eskaintzera.
Nola sustatu adiskidetasun osasuntsuak umeen artean?
Giltza da prozesu bat dela onartzea eta haiei ere ulertaraztea. Emozioak eta sentimenduak norberak dituela eta horiek beste umeek ere dituztela ohartzea. Behin hori barneratu dutenean, ulertzea partaide guztien hartu-emanek mantentzen duela taldea. Hori guztia elikatzeko eta indartzeko, oso garrantzitsua da umeak enpatia eta asertibitatea sakon lantzea.