Bariku arrastitik, hilak 26tik, domekara arte, hilak 28ra arte, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute kalez eta uniformez jantzitako poliziek. Horretarako, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, gaueko txandak indartuko dituzte. Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean eta, horregatik, udalerriko sarrera eta irteeratan horiek egiteko polizia egongo da.
Herritarren Segurtasunerako Arloak gogoratu du adingabeei alkohola saltzea debekatuta dagoela, eta, horregatik, horiei hori saltzen dieten ostalaritzako lokal, supermerkatu edota adin nagusiko pertsona guztiei ezarriko diete zehapena.
Karpa bat jarriko da
Era berean, Udaltzaingoak berehalako arreta emateko karpa jarriko du zapatuan, hilak 27, 19:00etan, Nagusi eta Andres Larrazabal kaleen artean, herritarrak joan ahal izateko, liskar, lapurretak gertatzekotan edo laguntza behar izatekotan. Hori indarrean izango da domekako, hilaren 28ko, goizeko 05:00ak arte.
Tabernak ixteko ordutegia zabalduta
Bestalde, Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta, aldi berean, herritarren atsedena bermatzeko, jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek, jaietan ohitura denez, ordu bat eta erdiz geroago itxi ahal izango dute irailaren 26an eta 27ean, barikuan eta zapatuan.
Gune morea
Eraso matxisten biktimentzako zuzeneko arretarako gune morea ere izango da, zaintzan eta bere iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarritua. Gune hori Areetako Andres Larrazabal eta Nagusi kaleen arteko elkargunean egongo da kokatuta.
Toki seguru eta lasaia izango da, karpa baten azpian, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko, egun eskuragarri dauden zerbitzuen berri duten emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten. Edozein intentsitateko eraso matxistaren aurrean, arreta emozionala, presentziala, telefono bidezkoa eta laguntza emango dute. Indarkeria matxistako egoeren aurrean herritarrak sentsibilizatze aldera, informazioa ere eskainiko diete hurbiltzen diren pertsonei.
Zerbitzuaren ordutegia hurrengoa izango da: irailaren 26an, 23:00etatik 24:00etara, irailaren 27an, 00:00etatik 02:30era eta 23:00etatik 24:00etara, eta irailaren 28an, 00:00etik 02:30era. Arreta-gune moreak artatzen dituzten emakume profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango da 747 407 311 telefono-zenbakiaren bidez.
Adikzioen Prebentzioa
Bestalde, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak antolatuta, irailaren 27an, 21:00etatik 00:00etara bitartean, lau profesionalek osatutako talde bat kuadrillengana hurbilduko da, aisiaren eremuan alkoholaren kontsumoagaz lotutako arriskuei eta ondorioei buruz in situ sentsibilizatzeko, baita alkoholaren kontsumoa normalizatzeko, ohitura osasungarriak bultzatzeko eta prebentziorako aholkuak emateko ere.