Aurtengo 23. Getxoko Komiki Azokan omendua izan zara. Espero zenuen? Nola sentitzen zara?
Beharbada urtetan izan dudan sorpresarik handiena izan da! Ez nuen inondik inora espero. Uste nuen kontrako ideia zutela beraiek, kar-kar. Oso ikerlari eta dinamizatzaile feminista izan naiz eta urteetan zehar nire presentzia oso deserosoa izan da. Beraz, ez nuen espero. Oso harrituta nago, baina oso eskertuta ere! Euskal Herrian dugun komiki azokarik inportanteena da Getxokoa eta bertatik askotan pasatu naiz: ikasleekin, hitzaldiak ematera...
Zure bizitzara nola heldu zen komikia?
Betidanik oso komiki irakurzale amorratua izan naiz, baina duela 20 bat urte hasi nintzen hori ikertzen. Izatez, euskal filologoa naiz. 1990ean, karrera amaitu nuen emakume egile bakar bat landu barik. Komikiek filologia batean ez zuten bat ere prestigiorik orduan… kar-kar. Nire kasuan, aurretik literaturan egindako lan guztia oso esanguratsua izan zen eta horrek ikertzeko bide metodologiko bat markatu zuen. Errazagoa egin zitzaidan komikietara salto egitea aurretik izandako ibilbideagatik. Hala, oso murgilduta egon naiz teoriak eta metodologiak sortzen, dinamizatzen… Baina ni ikertzen hasi nintzenean, ez zegoen ezer ere ez euskal komikigintzan.
Erronkarik zailena zen iruditan zegoen literatura ikertu ahal izatea. Horretan, nire maistra handia Marika Vila izan da.
Indarkeriarik zilegiena. "Nik emakumeen kontrako indarkeria panoramika zabal batetik begiratuta aztertzen nuen eta kultura osoan ikusten nituen jazarpenak. Hala ere, nabaritzen nuen komikietan ematen zela indarkeriarik handiena, gorriena, errazena, eta gainera, zilegiena. 2000an, emakume askok ez zituzten komikiak irakurri nahi aurreko hamarkadako esperientzia txarra gogoratzen zutelako"
Nola ikusi duzu aldatu dela komikigintza ikertzen hasi zinenetik gaur egun arte?
Goitik behera, beste bat da. Zorioneko aldaketa! 80. eta 90. hamarkadetan gazteleraz zegoen komikia emakumeentzat irakurtezina bihurtu zen: ez zegoen ez identifikaziorik, ez gozatzerik, ez irakurtzeko modurik. Oso komiki misoginoak zeuden, eta emakumeen kontrako indarkeria handia zegoen: sinbolikoa, sexuala… Ikusten ziren emakumeak erailda, jipoituak... Lantzen zen iruditegia terriblea zen. Horregatik, 2000an, emakume askok ez zituzten komikiak irakurri nahi, aurreko hamarkadako esperientzia txarra gogoratzen zutelako.
Nik emakumeen kontrako indarkeria panoramika zabal batetik begiratuta aztertzen nuen eta kultura osoan ikusten nituen jazarpenak. Hala ere, nabaritzen nuen komikietan ematen zela indarkeriarik handiena, gordinena, errazena, eta gainera, zilegiena.
Baina euskal komikigintza, ordea, ez zen horrelakoa izan. 80ko hamarkadan HABEk sustatutako Habeko Mik izeneko komiki publikoa hasi zen, Eusko Jaurlaritzak ordaintzen zuena. Hor, Emakundek edukiak kontrolatzeko lana egin zuen hainbat urtez eta, beraz, ez zeuden horrelako eduki misogino ez sexistarik euskal komikigintzan.
Hala, gazteleraz irakurtzeari utzi nion eta euskarazko komikigintzan topatu nuen nire oasia.
Gaur egun, igarri dut begirada misoginoarekiko sentsibilitatea aldatu egin dela. Horretan, oso garrantzitsua izan da Astiberriren lana eta emakume gazte berrien begirada.
Emakumeen kontrako indarkeria hori ikusarazi zenuenean, nolakoa izan zen garaiko erantzuna?
Haiek zioten ezetz, hori sentsibilizazio kontua zela eta haientzako normala zela. Orduan, milaka irudi ikertu nituen eta horien autokritika egin behar zela argudiatu nuen. Teorizazioaren falta handia zegoen eta garai horretan ni nintzen "la loca feminista", zeinak misoginia ikusten zuen bazter guztietan.
Gainera, nik beti defendatu izan dut Emakundek egindako lana, eta hori izan da, hain zuzen ere, komikigintzaren mundura ekarri dudan argudio deserosoenetariko bat. Beste batzuek argudiatzen zuten adierazpen askatasuna zela sortzen zen guzti-guztia argitaratzea. Nik esaten nien ezetz, emakumeen kontrako indarkeria gizartean dugun arazo larria dela eta horren alde ezin zela lanik egin.
Momentu horretan oraindik ez, baina handik gutxira ilegalak bihurtu ziren horrelako edukiak. Behin esan nuen: "Nik zerbait salbatu behar badut, nahiago dut emakumeen bizitzak salbatu binetak baino".
Zure fantasia misoginoak irudikatu nahi badituzu, egin ezazu, baina gero tiradera batean gorde edo jo kanpaia horrekin, baina sortutako guztia ez du zertan argitaratua izan behar.
© ESTIBALIZ MAGUREGI
Skolastika ere sortu duzu, euskal emakumeek sortu eta sortzen duten kultura ezagutzeko gunea. Bertan eskaintzen dituzu literatur zerbitzuak, komikteka... Zer izan da zuretzako?
Skolastika izateak ekarri izan duena da teorizatze, dinamizatze eta ibilbide guztiz askea izateko aukera. Nire teoriak isilarazteko beldurrik ez dut izan, baina, martxan jarri nuenean, liburutegietan ez zeuden nik behar nituen materialak. Orduan, nik sortu behar izan nuen leku bat horrelako eskolak emateko, lana ganoraz egiteko eta komikteka dena gordeta izateko.
Euskal emakumeek sortutako komikiak gordeta izatea egin dudan lan inportante bat izan da. Komikigintza feministan Estatu mailan hoberenetarikoa da, eta Euskal Herrian ez dago horrelakorik. Lehen esan bezala, hasi nintzenean, euskal emakume eta euskal komikigintzaren inguruan ez zegoen ezer. Artikulu bat ere ez. Horrek ekarri zuen nik proposatutakoa berehala mugitzen hastea.
Baina, berez, Skolastika martxan jarri nuen lanpostu duin bat izateko. Akademia kenduta, kritika literarioa egitetik bizitzea oso zaila da. Literatur zerbitzuak ematen dituen enpresa bat sortu nuen ez zegoelako horrelakorik eta eskaria egon zitekeela uste nuelako. Aitzitik, ez nuen diru-laguntzen menpean egon nahi, kontu politikoen sentsibilitateen arabera daudelako horiek. Nik feminismo erradikaletik lan egiten dut horiek sortu zituztelako genero-ikasketak, eta hori da nik erabili dudan metodologia. Orduan, banekien garaiko erakundeetan epe laburreko ibilbidea izango nuela, garai horietan instituzioetan gailentzen zen feminismo maila oso baxua zelako.
Skolastika. "Euskal emakumeek sortutako komikiak gordeta izatea egin dudan lan inportante bat izan da. Lehen esan bezala, hasi nintzenean, euskal emakume eta euskal komikigintzaren inguruan ez zegoen ezer. Artikulu bat ere ez. Horrek ekarri zuen nik proposatutakoa berehala mugitzen hastea"
Zein begiradetatik aztertzen dituzu komikiak?
Milaka irudi aztertu nituen hiru begirada nagusi teorizatu ahal izateko: begirada sexista, ohikoa, begirada neutrorik ez dagoelako eta denok dugulako zama ideologiko bat sortzean zein irudi bat deskodifikatzean; begirada misoginoa, zeinetan hainbat marra gorri zeharkatzen diren; eta, azkenik, begirada feminista, horien bien aurka proposatutakoa.
Orduan, begirada horiek ea zein motatako irudiak sortzen zituzten aztertu nuen, bakoitzaren ezaugarri teoriko eta fisikoak landu nituen. Horretan trebatzen hasi nintzen eta gaiaren inguruko ikastaro mordo bat ematen nituen.
Halaber, Emakumeak eta euskal komikigintza ikastaroa eta erakusketa sortu genuen Skolastikan, ikusi nuelako sentsibilitatea aldatzen ari zenean momentua zela eskaintza berri bat egiteko.
Gainera, Skolastikan komiki pedagogikoak ere egiten dituzue gazteak kontzientziatzeko xedeagaz. Zure ustez, komikiak zein baliabide ematen ditu pentsamenduak eta jokabideak eraldatzeko?
Primerako baliabideak ematen ditu. Berdin dio zer nolako ideia arraro edo ezberdinak kontatu nahi dituzun: hori kontatzeko irudi on bat sortuz gero, berehala kontatuko eta jasoko duzu.
Horregatik eman dut hainbeste denbora komikiak dinamizatzen eta ikertzen. Ikusi dut euren baliabide pedagogikoak itzelak direla. Kontzientea naiz belaunaldi berriek ez dutela aurretiko belaunaldiek bezainbeste irakurtzen, izan ere, irakurtzeak ez du lehen zeukan indarra. Gaur egun, guztia da bisuala, orduan, euren kode berdinean hitz egitea lortzen dugu komikigintzaren bidez.
Zoritxarrez, emakumeen kontrako indarkeria horren handia denez, mila bide eta baliabide daude horren inguruan lan egiteko komikiaren bidez, betiere begirada kritiko batetik.
Institutuetara noa komikiekin begiradak lantzeko: maitasun erromantikoa, emakumeen kontrako indarkeria, pornografia… denetarik landu ahal duzu. Zerrenda bibliografikoak ditut eta beti proposatzen ditut komiki historikoak, biografikoak, autobiografikoak, literatura… Irakasleei emandako trebakuntza-ikastaro desberdinak ere ematen ditugu irudi horiek erabiltzen ikasteko.
Hezkuntza. "Institutuetara noa komikiekin begiradak lantzeko: maitasun erromantikoa, emakumeen kontrako indarkeria, pornografia… denetarik landu ahal duzu. Zerrenda bibliografikoak ditut eta beti proposatzen ditut komiki historikoak, biografikoak, autobiografikoak, literatura…"
Belaunaldi berrien irakurzaletasun jaitsiera aipatu duzu. Zelan ikusten duzu gaur egungo egoera komikigintza munduan?
Inoiz baino hobeto, ideala ez bada ere. Orain, badaude txiki-txikitatik euskal komikiak irakurtzeko materialak; duela hamarkada bat ez. Astiberrik, adibidez, badu umeentzako komiki sorta bat, bilduma batzuk ere badaude... Gure euskal umeek euskaraz irakur ditzakete komikiak. Gero eta material gehiago dago euskaraz, baina oraindik irakaskuntzan era naturalizatuan komikiak egotea falta da.
Skolastikan pedagogikoki oso ariketa apurtzailea egin genuen duela 2-3 urte: komikiak oso era naturalean sartzea literaturako eskuliburuetan. Adibidez: liburu batean azaltzen ziren narratiba, gramatika, poesia eta gero, amaieran, komikien bidez literatura. Horrela txikitatik komikia irakurtzeko ohitura hartzen dute.
Etorkizunerako betetzeko zerbait gelditzen zaizu?
Bai. Nahi dudana da literatur kritika feminista irakasgaia genero masterretan egotea. Oraindik faltan dagoen zerbait da eta nire asmo nagusia da hutsune hori betetzea. Uste dut denon beharra dela.