Euskal Herriko feministak kalera atera ziren herriz herri joan den barikuan, haiei dagokien "erantzukizuna" eurena egiteko eta genozidioa salatzeko. Izan ere, gogoratu zutenez, Palestinako emakumeek mezu "argia" helarazi zieten duela aste gutxi, haiek pairatzen ari diren genozidioa ozen salatzeko, Palestinaren aldeko ekintza eta mobilizazio feministak antolatzeko, Israeli armak bidaltzea gelditzea eskatzeko eta Israelen kontrako boikota egiteko.
"Esan ohi dugu emakumeen gorputzak direla gerra egoeretan okupatzen diren lehenengo lurraldeak, eta, oraingoan ere, hala da. Emakume palestinarrek pairatzen duten indarkeria izugarria da, ahaztu barik azken hilabeteotan hil dituzten 20.000 neska-mutilak. Gainera, Israelek gosetea erabili du palestinar herriaren kontra", azaldu zuten Itzubaltzeta/Romoko mobilizaziora deitutako feministek.
"Palestinaren alde eta Israelen aurka lerratzea, askatasunaren alde lerratzea da", ondorioztatu zuten. Izan ere, gogoratu zutenez, gerra sistema kapitalista, zisheteropatriarkal, arrazista, kolonialista eta inperialistaren "adierazpen gorena" da, "eta genozidioa da hori betikotu eta mantentzeko tresnarik bortitzena".
Palestinaren kontrako genozidioa "kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia" dela azpimarratuta, mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten "interesa" gogor salatu zuten, baita Israelek berak bere burua zuritzeko egin dituen hainbat ekimen ere, hala nola pinkwhasing-a, "LGTBI+ eskubideen aldeko estatu bat direla esanez, Palestinarekin aurkakotasunean. Israel estatu zibilizatu gisa kokatuz eta Palestina barbaro gisa kokatuz".
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan batutakoek ozen salatu zuten Europako herrialdeek duten erantzukizuna, Israelen "konplizeak" direlakoan. "Ez dezatela esan erantzukizunik ez dugunik; ez dugula ezer ez egiteko. Euskal Herritik urteak daramatzagu Palestinaren aldeko mobilizazioak egiten eta Israelgo estatu sionistaren kontrako boikot aktibora deitzen".
Hori dela eta, Mugimendu Feministak ekimen horietan parte hartzeko deia egin zuen. "Jarrai dezagun Palestinari begira. Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten. Jarrai dezagun genozidioa salatzen. Jarrai dezagun ardura hartzen. Jarrai dezagun Israeli boikot egiten. Segi dezagun gobernuak interpelatzen eta gobernuei presio egiten. Segi dezagun mobilizazioak antolatzen eta elkartasun internazionalista artikulatzen. Egin dezakegun gutxiengoa da. Ibaitik itsasora, Palestina izango da".