Diskolaris Getxo taldekoek pozarren hartuko dute urriaren 18an eta 19an haien udalerrian jokatuko duten ipar-aldeko erregio-txapelketa. Getxokoez gainera, bertan arituko dira ultimate frisbee kirolean aritzen diren Santanderreko Corocotta eta Iruñeko Ultimate Pamplona taldeak.
"Txapelketa hau oso garrantzitsua da guretzat, izan ere, hemen lortzen diren emaitzek baldintzatuko dute Espainiako Txapelketarako sailkapena", azaldu dute getxoztarrek.
Espainiako Txapelketa abenduaren 6tik 7ra jokatuko da Castelldefelsen, eta bertara soilik sailkatutako taldeak joango dira. Getxoko taldeak Estatuko maila goreneko txapelketan aritzeko txartela eskuratu izan du aurreko urteetan, eta aurten ere hori lortzea espero dute. "Lau plaza daude eskuragarri, eta gure asmoa da haietako bat guretzat izatea", adierazi dute.
Ultimate frisbee kiroleko Euskal Herriko talde beteranoena da Getxokoa, baina uneotan neska gehiago behar dituztela ohartarazi dute. Horiek erakartzeko, hainbat ekimen martxan jarri dituzte, hala nola askotariko jarduerak antolatu unibertsitateetan, bereziki EHUn, eta baita Getxon bertan ere. "Gainera, laster egingo dugu topaketa berezi bat neskentzat, non elkar ezagutu, probatu eta esperientzia partekatzeko aukera izango dugun".