Getxoko sormenari bultzada sendoa: Getxo Kulturak 19 proiektu programatuko ditu hurrengo urtean

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 5a

"Odysseia" antzezlana © GETXO KULTURA

Getxo Kulturak berretsi egin du tokiko kultura-sektoreagaz duen konpromisoa: hurrengo urtean zehar getxotarrek sortu edo eginiko askotariko diziplinetako hemeretzi proiektu programatuko ditu. Proposamen horiek guztiak Getxo Eszena Irekia deialdiaren azken edizioan hautatu dira, tokiko kulturaren garapenaren aldeko apustu sendoa eginez.

Guztira, 70.000 euro bideratuko dira proiektuak gauzatzera, baina kopuru horri espazioen lagapena eta baliabide tekniko zein giza baliabideak gehitu behar zaizkio. Ekimen honek Getxoko artistak, elkarteak eta sortzaileak ikusaraztea eta haien ibilbide profesionala sustatzea du helburu.

Deialdia hiru modalitatetan antolatu da, Getxoko sortzaile anitzei ateak irekiz. Lehen atalak profesionalak bildu ditu; bigarrenak, barriz, irabazi-asmorik gabeko elkarteen proiektu ez-profesionalak; eta hirugarrenak, azkenik, udal-erregistroan erregistratutako elkarteek aurkeztutako proiektu soziokulturalak. Hiru sailetan, getxotarrek idatzi, diseinatu, banatu edo parte hartu duten obrak daude.

Guztira 19 proiektu hautatu dira, eta arte eszenikoek pisu handia dute. Modalitate profesionalen artean, zortzi proposamen daude: antzerki arloan, adibidez, Javier Liñeraren Lohi gorria antzezlana nabarmentzen da, eta dantzan, Almudena Perez koreografoaren lanak ikusi ahal izango dira. Profesionalak ez direnen atalean, azpimarratzekoa da Bringas taldeak disko barria aurkeztuko duela eta Euskal Herriko Casteller Taldeak castellen erakustaldi bat eskainiko duela aire zabalean. Proiektu soziokulturaletan, musika da ardatza, eta horren adibide dira Kimetz abesbatzaren eta Neken Musika Elkartearen kontzertuak.

Proiektuak Muxikebarri Zentroan zein udalerriko aire zabaleko guneetan erakutsiko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun