Bidean Erromeria taldeko kideek Amaia Aguirre alkatearen eskutik jaso zuten atzo Ibon Garagarza artista getxoztarrak egindako Argia Ereiten Sariko eskultura. Alkateak, "poesia mailua da" Gabriel Arestiren hitzak ekarri zituen gogora, eta adierazi zuen poesiak kontzientzia kopatzeko mailua bada, Bidean Erromeria Taldeak musika bidez egiten egiten duela mailukari-lana: "Gazteak direlako, tokikoak direlako, euskaraz modu naturalean bizi direlako. Euskararen mailu eta tresna dira, sareak ehuntzeko eta argia ereiteko hazi".
Taldearen izenean, Aritz Landetak eskerrak eman zizkien Udalari, senideei, lagunei, jai-batzordeei, kultur eta dantza eragileei, euskara elkarteei eta aurreko saridunei, besteak beste. Bere hitzetan, "musika sortzeko baliabideak behar dira, eta emakumeen presentzia handiagoa aldarrikatu zuen oholtzan".
Era berean, Landetak euskararen aldeko konpromiso sendoa ere eskatu zuen: "Euskararen normalizazioan aurrera egin nahi badugu, gizarte osoak hartu behar du konpromisoa. Gazteei ohitura eta jarrera euskaldunak izatera gonbidatzen diegu; guk ere erronka gisa hartzen dugu datozen urteotarako. Boteretu gaitezen, atera gaitezen plazara".