Ekitaldian Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren belaunaldia omendu zuten, Getxoko alkate ohia eta Estatutuaren sustatzaile nagusietakoa izan zena. 30 bat lagun elkartu ziren horretan, Algortako San Nikolas plazan; tartean, Oier Errementeria, Gure Eskuko kidea; Helena Franco Ibarzabal, EHUko irakaslea; eta Xabier Agirre Arizmendi, lehendakariaren iloba.
Gure Eskuko bozeramaileak Agirreren belaunaldiaren balioak nabarmendu zituen: "Pertsona haiek herria eta herritarren eskubideak jarri zituzten haien interesen gainetik. Eta haiengandik hiru ideia nagusi jaso ditugu: duintasuna, batetik, nor garen; bestetik, herria ezin dugula gorrotoaren gainean eraiki, eta azkenik, itxaropena”.
Bere aldetik, Helena Franco EHUko irakasleak azpimarratu zuen "hitzetatik ekintzetara” pasatzeko garaia dela: “Erabakitzen hasteko garaia da", autogobernu handiagoaren alde eginez. Gainera, gogoratu zuen "Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa" dela eta historian zehar bere burua gobernatzeko bide ugari garatu dituela. Horregatik, bere ustez, herrialdeak "erabakitzeko ahalmen handiagoa" behar du, “euskal herritar ororentzat bizimodu duin bat bermatuta”.

Francoren hitzetan, Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta EAE “autogobernuan aurrera egiteko dinamika ezberdinetan murgilduta” daude, baina orain beste urrats bat emateko beharra aldarrikatu zuen: "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Jar dezagun herria, jar ditzagun herritarrak, norberaren interesen gainetik eta aukera aprobetxa dezagun. Helburu argi batekin: burujabetza handiagoa, Euskal Herri kohesionatuagoa eta, finean, herri libre baten eraikuntza".
Atzo, Gure Eskuk gogoratu zuen 1933ko erreferendumean emakumeek lehen aldiz bozkatu ahal izan zutela, eta efemeride hori baliatu gura izan zuen subiranotasunaren eta herritarren eskubideen arteko lotura azpimarratzeko.
Jose Antonio Agirre izan zen Estatutuaren bultzatzaileetako bat, eta haren ilobak, Xabier Agirrek, itxaropenerako deia egin zuen Algortako agerraldian, gaurko testuinguruan, autogobernua eta subiranotasuna “jendeari bizitza duina bermatzeko funtsezko tresnak” direla defendatuz: "Ziur gaude horretaz."
Amaitzeko, Agirrek osabaren gogoeta bat ekarri zuen gogora, 1949an idatzia: "Ez da ulertzen Europa hau bakean, eta bere ordena propioarekin, gizakiak eta herriak bertan preso baldin badaude". Eta konpromiso partekatua berretsi zuen: "Geure aniztasunetik eta geure eguneroko lanaz, herritar librez osaturiko herri librea eraikiko dugu".