Lurraldeko Informazio Batzordean aurrera egin du planak, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekaz. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ordea, kontrako botoa eman dute, proiektuaren inguruko zatiketa politiko sakona agerian utziz. Udalak plan eguneratuaren beharra azpimarratzen duen bitartean, oposizioak gehiegizko urbanizazioa eta espekulazio-arriskua salatzen ditu.
HAPO berriak lau ardatz estrategiko ditu oinarri. Horietako nagusia etxebizitzarena da; hau da, 4.471 etxebizitza barrien eraikuntza aurreikusten da. Udal-gobernuaren arabera, kopuru hori "ezinbestekoa" da herritarrek, batez ere gazteek, duten etxebizitza-beharrei erantzuteko. Horietatik, 3.044 babes publikokoak izango dira, kopuru osoaren % 68. Proportzio altu hori planaren beharra justifikatzeko erabili da behin baino gehiagotan, merkatuaren prezio altuei aurre egiteko tresna gisa.
Etxebizitzez gain, proiektuak udalerriko jarduera ekonomikoa ere aurreikusten du, Getxo "lo-hiri" bihurtzea saihesteko asmoz. Hala, Martiturriko 14 hektareako sektore bat balio erantsi handiko enpresa-jarduerara eta talentua sustatzera bideratuko da.
Eztabaidaguneak: lurzorua eta Andra Mari
Planaren inguruko tentsio gehiena lurzoru landatar eta naturalaren erabilpenean zentratu da. Hain zuzen ere, Andra Mari auzoan aurreikusitako urbanizazioa izan da kritika nagusien iturri. Plataforma sozialek eta oposizio politikoak eraikuntzaren bolumena gogor kritikatu dute, lurzoru naturalaren eta ondarearen galera ekarriko duela argudiatuta.
Bestalde, Udalak planak jasotzen dituen ingurumen-babes neurriak nabarmendu ditu. Horien artean, Azkorri gune natural gisa zaintzea. Andra Mariri dagokionez, Udalak adierazi du "lurzorua babestea eta dauden etxebizitza eta baserrien birgaitzea arautzea" konbinatu gura dituela.
Hurrengo pausoak eta eztabaida legala
Behin betiko onarpenerako faktore erabakigarria izan da Udalak kanpoko erakundeen sektore-txosten guztiak aldekoak izatea lortu izana, horien artean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren (IEE) aitorpen garrantzitsua. Babes tekniko eta legal hori funtsezkoa izan da dokumentua babesteko. Amaia Aguirre alkateak azpimarratu duenez, "onarpena Getxok bere etorkizuna eraikitzeko behar zuen tresna" da, 25 urte igaro ondoren.
Osoko bilkuran onarpena lortuz gero, planak auzi legalen bideari ekitea espero da. Izan ere, auzo-kolektiboek eta kontrako alderdiek ohartarazi dute proiektuaren aurkako errekurtsoak aurkezteko aukera aztertzen ari direla; horrenbestez, Getxoko hiri-ereduaren aldeko borroka eremu judizialera igaroko da orain.