Portu Zaharreko zabalgunean ekipamendu publiko bat eraikitzeko aukera irekiko du HAPO berriak

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 20a, 12:42

Zabalgunea jendez gainezka, Portu Zaharreko jaietan, artxiboko irudian.

Algortako Portu Zaharreko zabalgunean azpiegitura bat eraikitzeko aukerak ezinegona sortu du auzokide askoren artean. Duela gutxi hedabide batek zabaldutako informazioak eztabaida piztu du eta, horri buruz galdetuta, Getxoko Udalak baieztatu du onartzear dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ekipamendu bat egon daitekeela planifikatzen duela, "publikoa" izango litzatekeena.

Portu Zaharreko zelaiguneak itxuraz aldatu ahalko du etorkizunean, berriro ere. Izan ere, Getxoko Udalak azaldu duenez, onartzear dagoen HAPO berriak aukerak irekiko ditu bertan ekipamendu publiko-komunitario bat eraikitzeko. Horrek ezinegona sortu du hainbat herritarren artean, eta daborduko hainbatek iragarri dute alegazioak aurkeztuko dizkiotela planari, hala dagokionean, hala nola EH Bilduk. "Ez gaude ados ireki den aukera ustel horrekin, azken finean, gaur egun daukagun 'aisialdi' gune horren desagerpena ekar dezake planifikatutakoak", ondorioztatu du Mikel Bildosola koalizio abertzaleko kideak.

Getxoko Udalak azaldu duenez, HAPO berriak aukera hori irekitzen badu ere, azpimarratu du osoko bilkurak onartu beharko lukeela proiektua aurrera egin ahal izateko, Hiri Berrikuntzarako Plan Berezi bat idatziz, kasu honetan, PERU-01 deritzona. Alabaina, udal-iturriek iragarri dute gaur-gaurkoz ez dutela aurreikuspenik bertan ezer eraikitzeko.

Atzera begira...

Inguru horretan azpiegitura bat eraikitzeko planak ez datoz ezerezetik.1950eko hamarkadan zabalgunea betetzeari ekin zioten, eta handik gutxira ur gazidun igerilekuak eta jatetxea zituen azpiegitura pribatu bat eraiki zuten Portu Zaharrean, Deportiva Nautica de Algorta izenekoa. Horiek funtzionatzeari utzi ziotenean, eraikinak abandonatuta egon ziren, eta horiek bota zituzten 1990eko hamarkadaren amaieran, euria egiten zuenean lokatzez betetzen zen zabalgune huts bati lekua eginez. 

Portu Zaharreko igerilekuak eta jatetxea, 1977an. Argazkia: GETXOKO LIBURUTEGIAK

2005eko abenduan, Getxoko Udalbatzak behin-behingoz onartu zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa zehatza, EAJ, EA eta EB-Berdeen aldeko botoakaz, lehenago igeritokiak zeuden orubea ekipamendu publikotzat deskalifikatu eta bestelako ekipamendu baten ustiaketa pribatuari bidea emanez. Erabakiaren aurka, Getxoko PSE-EE administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztea aztertzen ari zen bitartean, orubean kultur areto berria egiteagaz tematuta zegoen PP. Getxo Bizia auzo-elkarteak, berriz, alegazioen bidea hartu zuen, Portu Zaharreko bizilagunek bezala, eta sinadura bilketak ere egin ziren. 

2011n, berriz, zabalgunea berdegune bilakatu zuen Udalak, kostaldearen ondoko pasealekua berritzeagaz batera. "Jarduera berri honen helburua da eremu hori berdegune eta bizilagunentzako aisialdirako gune gisa berreskuratzea", azaldu zuen Imanol Landa garaiko alkateak (EAJ).

Zelaigunea eta ingurua eraberritzeak aukera eman zuen aire zabalean aisialdirako leku berri bat izateko, eta halaxe izan da gaur egunera arte, bertan izan baitira edukiera handiko kontzertuak eta ekimenak, baita Portu Zaharreko jaiak ere, besteak beste. Nolanahi ere, jarduketa behin-behinekoa izango zela gogoratu zuen Landak berak, "ingurune enblematiko eta estrategikotzat" jo zuen eremu horretarako behin betiko helburua aurkitu arte.

Orain, HAPO berria onartzeagaz batera, Udalak bertan azpiegitura bat eraikitzeko egitasmoari heldu dio berriro ere, betiere ekipamendu publiko-komunitario bat izango litzatekeela argi utzita. Horretarako, baina, udal-iturriek zehaztu dute osoko bilkurak onartu beharko lukeela egitasmoa, PERU-01 izeneko Hiri Berrikuntzako Plan Berezia idatzita. Hala ere, argitu dute gaur egun ez dagoela aurreikuspenik inguru horretan ezer eraikitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun