Udaltzaingo baten aurkako erasoa gaitzesteko adierazpena onartu du Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 7a

Erasoa aurreko urriaren 26ko goizaldean jazo zen, San Nikolas plazan.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Adierazpen Instituzional bat onartu du joan den urriaren 25ean Udaltzaingoko agente batek San Nikolas plazan jasandako erasoa gaitzesteko. EAJ, PP eta PSE-EEren aldeko botoakaz onartu da testua; aldiz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.

Adierazpenean jaso dutenez, "urriaren 25ean, polizia-jarduketa baten bidez, musika-ekipo batekin bolumen handian bizilagunei enbarazu eginez zebilen pertsona talde bati zirkulatzen jarraitzea eragotzi zitzaion. Orduan, parte-hartzaile batzuek objektuak jaurti zizkieten jarduten ari ziren udaltzainei eta ertzainei, eta beirazko edalontzi batek udaltzain baten aurpegian jo zuen, sudurrean fisura bat eraginez"

Zehaztu dutenez, erasoaren ondoren, zenbait pertsona identifikatu zituzten eta zehapen-espedienteak ireki; gainera, ustezko egile nagusiaren aurka, atentatu-delitu bat egotzita polizia-atestatua aurkeztu zuten.

Bozeramaileen Batzordeak adierazi duenez, "Euskal Polizia osoari eta bereziki Getxoko Udaltzaingoari aintzatespena eta laguntza eman nahi diogu, getxotarren segurtasuna bermatzeko egiten duten lanagatik". Era berean, adierazpenean azpimarratu dute "indarkeria adierazpen guztiak demokraziarentzat, elkarrizketarentzat eta bizikidetza baketsuarentzat mehatxu zuzena direla", eta gaitzetsi egiten dute agenteen aurkako edozein eraso fisiko, ahozko edo sinboliko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun