HAPO barriak datozen hamarkadetarako udal garapena eta hazkundea gidatuko ditu, etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ingurumenaren babesa uztartuz. Dokumentuak, besteak beste, babestutako etxebizitza barriak, Azkorriren babes naturala edo espazio libreen handitzea aurreikusten ditu, Getxo "orekatuagoa eta jasangarriagoa" bihurtzeko helburuagaz.
“Adreiluaz ez, aukerez” ari da plana
Plangintza zinegotzi Alvaro Gonzalezek (EAJ) adierazi duenez, “plan honekin ez gara adreiluaz ari, aukerez baizik: gazteei etxebizitza eta enplegua aurkitzeko aukera emango dien Getxo bat eraikitzen dugu, lurraldea hipotekatu gabe”. Era berean, Gonzalezek nabarmendu du planak etxebizitza, ekoizpen eta zuzkidura arloak orekatuko dituela, ondarea babestu eta jasangarritasuna sustatuz.
PSE-EEk, bere aldetik, azpimarratu du HAPO "zorroztasun teknikoko eta plangintza modernoko tresna" dela. Hau da, aurreko plana nabarmen hobetzen duen eta "Getxoren etorkizunerako urrats sendoa" den tresna.
PPk ere aldeko botoa eman du, plana "herritarren eskaerei eta proposamenei erantzuten dien dokumentua" delakoan, eta "parte-hartze prozesu baten emaitza" gisa balioztatuz.
Eredu zaharkitua oposizioarentzat
EH Bilduk salatu du HAPOak "ez duela herri-eredu berririk ekartzen", baita aurreko eredua errepikatzen duela ere. Koalizioaren arabera, planak "etxebizitza libreen eraikuntza masiboa sustatzen du hiriguneetatik kanpo", ez die gazteen arazoei erantzuten eta "ingurumenarekiko konpromiso ausart eta errealik" ere ez du jasotzen.
Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, plana "herritarrek babestu gabeko dokumentua" dela uste du. Era berean, Andra Mari "hormigoiz estalita" geratuko dela alokairuko babestutako etxebizitzarik gabe ohartarazi du . Horren ondorioz, taldearen arabera, "bereizketa sozial handiagoa" sortuko da eta plan hau "akats historikoa da udalerri honentzat".