Jauzi Ekosozialak HAPO berria salatu du: "Lur emankorra suntsitu eta herri eredu elitista baten alde egiten du"

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 13a

Andra Mari auzoa urbanizatzea HAPOren helburuetako bat da © HIRUKA

Uribe Kostako Jauzi Ekosoziala taldeak bere gaitzespen irmoa agertu du Getxon onartutako HAPO berriaren kontra. Taldeak ohartarazi du proiektuan aurreikusitako jarduerek kalte nabarmena eragingo dutela Getxoko lurraldean zein herritarren bizi-baldintzetan; hala, Udalari eskatu dio atzera egiteko eta bestelako hiri-eredu baten eztabaida irekitzeko.

Talde ekologistaren arabera, dokumentuak "hamarnaka hektarea lur emankor” suntsiaraziko lituzke Getxon, eta horrek "herrian geratzen den nekazaritza ekoizpen apurra are gehiago murriztu" eta biodibertsitatean eragin zuzena izango luke. Horregatik, Udalari eskatu diote "atzera egin dezala" eta bestelako hiri-eredu bat eztabaidatzeko prozesua abiaraztea.

Jauzi Ekosozialak gogor salatu du planak planteatzen duen etxebizitza babestu kopurua; izan ere, euren hitzetan, "ahalik eta txikiena" delako. Horrek, "herri eredu elitista" baten alde egiten du, eta, ondorioz, gazteek edo baliabide gutxiago dituzten herritarrek zailtasun gehiago izango lituzkete etxebizitza eskuratzeko.

Horrez gainera, taldeak gogor kritikatu du Udalak herritarren ekarpenak baztertu izana, eta dokumentua "eraikuntza-enpresen interesei erantzuteko” diseinatu dela. Ildo horretan, salatu dute plan hau ez dela herritarrena, "espekulatzaileen diru-gosearen neurrira" egindakoa baizik.

Jauzi Ekosozialaren iritziz, eskualde osoak behar du bestelako planteamendu bat: espazio naturalen defentsa eta etxebizitzarako eskubidea oinarri izango dituen bat. Horregatik, Getxoko agintariei eskatu diete HAPO honetan egindako bidea ez baimentzeko eta "erronka ekosozialei aurre egingo liekeen plan berri bat" diseinatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun