Argudioen artean, plataformak sokamuturra "indarkeriaren normalizazioa" dakarrela dio; izan ere, azpimarratu duenez, txosten zientifiko eta medikoek zezen-ospakizunak animalien aurkako tratu txar eta sufrimendutzat hartzen dituzte.
Animalien aldekoen erantzuna ez da berria. 2018tik hainbat herritar batu eta horren aurka antolatu dira, baina orduan antzeko mozio bat aurkeztu arren, “ezer gertatuko ez balitz bezala” jarraitzen du egoerak.
Hau guztia dela eta, Getxo Sokamuturra Ez herritarren plataformak beste herri-mozio bati ekin dio, sokamuturra herriko jaietatik kentzeko asmoz. Prozesu horretan, plataforma informazio-mahaiak jartzen ari da azaroko eguenetan, ahalik eta herritar gehienen parte-hartzea lortu guran. Hurrengo sinadura-bilketak azaroaren 20an (Metroko plazan, Areeta) eta 27an (Romo Kultur Etxean) izango dira.
Azkenik, plataformak argi utzi du prest dagoela Portu Zaharreko jai-batzordeagaz berba egiteko. Hala ere, deitoratu du batzordeko presidenteak behin baino gehiagoetan adierazi duela "kontua politikoa “ dela, eta beraz, Udalak duela azken hitza.