Sokamuturran bizi den giro “paregabea" eta 70eko hamarkadatik jai-batzordeak antolatutako ekimena belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohitura horren "sustraitzea" azpimarratu ditu elkarteak. Are, diotenez, Getxoko sokamuturra "bakarra da munduan", makila, harea eta behiaren konbinazioagatik.
Animaliei ematen zaien tratuari dagokionez, elkarteak azaldu du behiek batez beste urtean “10 minutuko sei irteera” egiten dituztela, “gainerako denbora larre eta mendietan pasatzen dutelarik”. Era berean, ale helduak direla ziurtatu dute — batzuk 14 urte artekoak— eta animalia jaioberriak erabiltzen direla ukatu: "Jendea haragi zein esnetara bideratzen diren animalien tamainara ohitua dago, eta zenbait sektoreetatik larrabehien fisionomia txikia baliatu nahi izan dute, gurera datozen animaliak jaio berriak direla lau haizetara zabaldu".
Gainera, abeltzainen papera ere mahai-gaineratu dute, "urteko 365 egunetan behiak zaletasun hutsez zaintzen dituztela" azpimarratuta. "EAEn ez dago honetaz bizitzerik eta abeltzainek bere lanetatik aparte daukaten denbora librea honetara bideratzen dute", diotenez.
Taldeak kritikatu egin du animalien tratu txarren “desinformazioa”. "Behiak urtean behin udalerrian ikustean, burura datorkigun gauza bakarra tratu txar hitza da, oilaskoak, txerriak edo egunero jaten dugun haragia nondik datozen ahazten dugun bitartean", adierazi dute; eta gaineratu dute animalia jatorria duen edozein produkturen aurrean ez dela barne hausnarketarik egiten. "Hobe genuke animali hauek hasi eta hezten diren ganadutegietara bisitatxo bat egin, animaliak eta abeltzainak ezagutu eta benetako 'maltratoa' non dagoen bilatuko bagenu", iragarri dute.
Elkarteak "lehen sektorea, abeltzainak eta animaliak zaintzeko" deia egin du, eta sokamuturrak euskal kulturaren parte direla defendatu, baita galtzeko arriskuan dauden bertako paisaiak eta arrazak ere, hala nola Nafarroako Kasta edo Betizu: “Kulturaz hitz egiten badugu, gure paisaiak kultura dira, gure arraza autoktonoak (larrabehiak...) kultura dira, gure sokamuturrak kultura dira. Aldaketak aurrera eramatea ondo dago, baina aldaketen atzean zer etorriko den kontutan hartuta”.
Ildo horretan, ohartarazi dutenez, “desinformazioa baliatuz, lagundu beharrean bidean abeltzainei harriak ipintzen badizkiegu, komeriak. Zaindu ditzagun gure lehen sektorea, gure abeltzainak eta gure abereak!”.