Definitu, labur-labur, Zuri liburua...
GARAZI BASTERRETXEA: Liburu honek Getxoko sexu-genero askotariko pertsonen bizipenak biltzen ditu, biñeta bidez, umorea eta kritika uztartuz. Egunerokoan jasaten dituzten eta eraso gisa identifikatzea kostatzen zaizkigun zapalkuntzetan jarri dugu fokua. Izenburuak berak bi helburu ditu: zu-ri zuzenduta dago, irakurle horri, hausnar dezazun, eta gogorarazi nahi du bizi garen herri koloretsuak ez direla gorputz guztientzako espazio bizigarriak.
Nondik dator mota honetako lan bat egiteko ideia?
G. B.: Ingurukoekin gertatutako pasarteak konpartitzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen normatik kanpo gaudela gogorarazteko modu bat zirela. Sistema heteropatriarkala irauli nahi dut, normak zalantzan jarriz. Liburu honen helburua da jendeak ikustea eguneroko iruzkinak norma horien ondorio direla.
"Agerikoa ez den zapalkuntzan jarri dugu fokua, baina horrek ez du esan nahi bestelako indarkeriarik ematen ez denik"
Zelakoa izan da batera lan egitea eta zein izan da bakoitzaren zeregina?
G. B.: Ni bizipenak biltzeaz eta horiei forma emateaz arduratu naiz, eta Maitek "magia" egin du. Zoragarria izan da berriro elkarrekin lan egitea.
MAITE MENTXAKA: Nire egitekoa bizipen horiek irudikatzea, marraztea eta koloreztatzea izan da. Gomendio txikiak ere eman ditut, baina Garazik zituen ideia onetan oinarritu gara. Plazer hutsa da berarekin lan egitea, komunikazioa eta laguntza bikainak baitira.
Gertukoen bizipenak jaso dituzue batez ere. Sorpresarik jaso al duzue?
G. B.: Bai, egoera batzuk oso surrealistak iruditu zaizkit. Horietako batzuetan arrazakeria bezalako beste zapalkuntza batzuk gurutzatzen direla ikusi da.
M. M.: Bizipenak idatziz jaso nituenean flipatu nuen, eta horietako batzuk ulertzeko zailak ere egin zitzaizkidan, surrealismo maila izugarria zutelako.
Zerk eman dizue arreta gehien?
G. B.: Espazio publikoetan ematen den biolentziak kezkatzen nau, adibidez, medikuarenean pertsona trans batek jasotako tratu negargarriak. Era berean, familian edo kuadrillan gertatzen diren zapalkuntzak ere mingarriak dira; tristea da esparru hurbil garrantzitsu horiek erosoak ez izatea.
M. M.: Biñetarik bisualena, zehazki, erdaraz dagoen testu bat da, non "actor-actriz" hitzen arteko lehia izugarri tontoa ematen den.
"Umorearen bitartez hausnarketa kritikoa sustatzea altxor bat da, eta gazteei gauzak salatzeko horrelako bideak daudela islatzea itzela da"
Zer ondorio atera duzue horretatik guztitik?
G. B.: Getxon, beste herrietan bezala, heteroaraua dela nagusi eta horretara egokitzen ez diren gorputzentzat ez dela espazio seguru edo erosoa. Agerikoa ez den zapalkuntzan jarri dugu fokua, zapalkuntzen espektroa handitzeko eta espazio askotariko jendea interpelatzeko.
M. M.: Autokritika eta hausnarketa sakonagoak egiteko proiektu ona da. Espero dezagun liburu honek jasotzen dituen basakeriek, etorkizunean, gaur egungo txiste matxistek duten lekua hartzea gizartean.
Zuetako inork, gura gabe, egin al du inoiz halako iruzkinik?
G. B.: Liburua nik parte-hartzaileetako bati egindako iruzkin batekin itxi dugu, nolabait esateko guztiok dugula zer berrikusi eta zer aldatu. Gu ere interpelatuak izaten gara biñetengatik.
M. M.: Bai, proiektuan murgilduta geundela hanka-sartze handi bat gogoratu nuen... eta nork daki zenbat aldiz egin ote dudan konturatu gabe!
Itzubaltzeta/Romon liburua aurkeztu zuten, urriaren hasieran. Diotenez, harrera oso ona izan da, eta pixkanaka-pixkanaka aurkezpen gehiago egingo dituztela iragarri dute.