Elkarrizketak

Bidean erromeria: "Lagun-arteko kontua da hau; hor dago gure xarma"

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 20a

Bidean erromeria Argia Ereiten sarietan © HIRUKA

2016an sortu eta ordutik Euskal Herriko plaza ugaritan ibili dira dantza eta giro ona zabaltzen. Algortan sortutako Bidean erromeria lagunarteko ilusio hutsetik abiatu zen, eta denboraren poderioz, inguruko jaien eta gazte giroaren parte garrantzitsu bilakatu da. 

2016an sortu zineten Algortan. Nolakoa izan zen hasierako momentu hura?

Kerman eta biok (Ainhoa) hasi ginen, batxilergoan. Musika gustu berdina genuen, eta horrek elkartu gintuen. Gero eta gehiago jotzen hasi ginen, eta momenturen batean pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu hau handitzen?”. Lagun artean hasi zen guztia.

Ze oztopo topatu zenituzten hasieran?

Bateria-jolerik ez genuen! Ezta entsaiatzeko lekurik ere... Denbora eta dirua inbertitu behar izan genuen gure kabuz. Horrez gain, abestiak moldatzea erronka handia izan zen; bakoitzak bere estiloa zuen eta gure modura ekarri behar izan genituen. Prozesuan ikaragarri ikasi dugu.

Noiz iruditu zitzaizuen proiektua serio bihurtzen hasi zela?

Egia esan... oraindik ere ez gara horretaz guztiz kontziente. Ez dugu “gauza serio” moduan bizi. Lagun-artean musika egitea da guretzako garrantzitsuena. Badaude kontzertu gehiago, bai, baina hori bigarren planoan dago. Hori da, hain zuzen ere, Bideanen xarma.

Sei lagunetik zazpi izatera pasa zarete. Nola kudeatzen duzue?

Denok gara Algorta ingurukoak, eta elkarrekin hazi gara. Hasieran ez genuen haizerik, eta Asier (tronboia) sartzeak freskotasuna eman zigun. Lehen zenbait kontzertu puntual egin zituen gurekin, baina oso ongi funtzionatzen zuen. Publikoak gustura, guk ere bai… eta erabakia argi zegoen.

Zuen lehen kantu propioa sortu zenuten: "Etorri!". Nolakoa izan zen prozesua?

Ez zen gure ideia izan! Gazte Txosnek proposatu zigun haien urteurrenerako. Oso “kaseroa” izan zen prozesua: Jonek basea sortu zuen, Ainhoak melodia, Aritzek letra… eta guztion artean jantzi genuen. Esperientzia polita izan zen.

Ze irizpide jarraitzen duzue abestiak aukeratzerakoan?

Zorrotzak gara. Zerrenda finko bat daukagu, eta herriak dantza jakin bat eskatzen badu moldatzen gara, baina gure planari tinko eusten diogu. Dantzekin malguagoak gara. Gainera, badaude hasieratik mantendu ditugun abestiak: Lokaleko leihotik, Lau teilatu, Txanpon baten truke… Erromeria baten oinarriak, ezta? 

Azken urteetan 20 kontzertu baino gehiago egin dituzue urtero. Zer ematen dizue horrek?

Asko. Oso ondo pasatzen dugu, lagun artean egoteko momentua da. Baina konpromiso asko eskatzen du. Normalean maiatza eta ekaina izaten dira gogorrenak; uztaila eta abuztuan atseden pixka bat hartzen dugu, nahiz eta oso guztiz ez den libre geratzen.

Zein izan da orain arteko kontzerturik bereziena?

Bruselakoa. Esperientzia biribila izan zen: asteburua kanpoan, euskal etxeak antolatua, gure lagunak bertara etorrita... kriston giroa. Eta noski, Algortan jotzea ere berezia da. Etxean egoteak errespetua ematen du; denak ezagunak dituzu aurrean. Baina une magikoa da beti. Sopelan ere etxean bezala gaude; bateria-jolearen kuadrilla oholtzara igotzen da gurekin abestera!

Zer lortu nahiko zenukete Bidean erromeriagaz?

Gure artean sortu dugun “familia txikitxoa” mantentzea. Taldea serioago bihurtu bada ere, guretzat lagun-arteko proiektua da, hobbya. Hori da ederrena.

Non joko zenukete gustura?

San Ferminetan jotzea izugarria litzateke. Iruñean ere bai. Euskal Herritik kanpo ere prest gaude, kar-kar. Eta amets handia: Korrikan jotzea. Aurten Bilbon bukatuko da... eta korrika heltzen denean gu musika jotzen egotea… pentsatze hutsak hunkitzen gaitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun