Umeen eta nerabeen aurkako indarkeria eta sexu-abusuen kasu gehienak etxean gertatzen dira, familiaren barruan, eta, horregatik, kasu asko eta asko ez dira azaleratzen, edo beranduegi denean izaten dugu horien berri. Hori bera gertatu zitzaion Eva Yasmini, joan den maiatzaren 30ean bere aitak hil zuen 13 urteko gazteari. Biolentzia matxistaren alderik gordinena eta ankerrena izan zen: biolentzia bikarioa. Indarkeria mota horretan, aitak seme-alabak tresna gisa erabiltzen ditu bikotekideari edo bikotekide ohiari min egiteko eta menpean izateko. Guztira, 2003tik, 13 adingabe hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian indarkeria bikarioa erabiliz.
Indarkeria mota honek hainbat aurpegi izan ditzake, eta ez da beti hain agerikoa: adibidez, biolentzia bikarioa ekonomikoa ere izan daiteke, pentsioen ez-ordainketen ondorioz edo familia-erregimena ez betetzeagatik edo une horiek baliatzeagatik ama iraintzeko, mehatxatzeko eta umiliatzeko.
Biolentzia bikarioa genero indarkeriaren testuinguruan kokatzen den indarkeria konkretu bat da, baina adin txikikoen aurkako biolentzia beste hainbat testuingurutan ematen da, eta azken urteotako joera kezkagarria da: 2020koak diren azken datuen arabera, Ertzaintzak familia barruan indarkeriaren biktima izan ziren adin txikikoen 664 kasu identifikatu zituen; 2016an baino % 68,9 gehiago.

"Aitarekin zaintza partekatua inposatuta dugu, eta alabak aitarekin joan behar duenean, ikastolan mahai azpian ezkutatzen da negarrez, jo egiten diolako. Hala ere, behartzen dute joatera, irakasleek besotik tira eginez". Durangoko emakume bat,; Oihane Artetxek bere ikerketarako bildutako testigantza.
Testuinguru horretan, sexu-indarkeriari lotutako kasuek ere leku nabarmena dute; izan ere, bost adingabetik batek pairatu ditu horrelako egoerak. Aurten, daborduko Osasun Sailak jakinarazi du 108 neska edo adin txikiko emakume artatu dituela sexu-indarkeriari lotutako kasuengatik –23k 6 urte edo gutxiago zituen; 42, 7 eta 14 urte artekoak ziren; eta 43, 15 eta 18 artean zeuden–. Halaber, 2011tik 333 adin txikiko artatu dituzte horrelako kasuengatik; 63 kasu konfirmatuak dira. Desparekotasuna ere izugarria da, kasuen % 80 inguru neskatoak baitira. Hala ere, datu errealak ezagutzea ez da erraza, erakundeek azpimarratzen baitute gertakari asko salatu gabe geratzen direla.
Europa ikastetxearen kasua
Eskualdeko horrelako biolentzia moten azken adibidea iaz jazo zen, Getxoko Europa Ikastetxean lau urteko lau neskatoren familiek irakasle laguntzaile bat sexu-abusuengatik salatu zutenean. Epaileak behin-behinean artxibatu zuen kasua, nahiz eta gurasoek froga nahikoa zegoela eta prozesu judizialean hainbat irregulartasun eman zirela salatu zuten.
"Haurren aurkako edozein indarkeria kasu dagoenean, Euskal Herrian gizartearen erantzuna ez da izan beharko litzatekeena; ez da beste kasu batzuetan bezain sendoa. Mugimendu Feministak ere ez du ikusten beraien gauza bat bezala", hausnartu du Oihane Artetxek, EHUko ikerlariak eta irakasleak. Berarentzat harrigarria izan zen Getxoko ikastetxe horrek gizartean hain iskanbila gutxi sortu izana: "Algortan egin zituzten kontzentrazioetan oso jende gutxi egon zen, eta ikertuaren herrian, Sopelan, Itaiak bakarrik jarri zituen pankarta batzuk. Hain gauza larria izanik, jendearen erantzuna oso xumea izan zela iruditu zitzaidan".
"Badira pertsona batzuk uste dutenak abusu sexuala gertatzen denean hasten eta amaitzen dela mina. Egia ez dago hortik hurbil ere. Abusuak zure barruan bizitzen jarraitzen du betiko, eta ondorio suntsitzaileetan bihurtuz aldatzen doa bizitzan zehar. Zer eskatzen dugu biktimok? Gutxienez, sendatuko gaituen justizia bat, entzunak eta sinistuak izatea, eta haiek seinalatuak izatea. Gutxieneko hori merezi dugu: justizia, justizia soziala gutxienez". Sopelako emakume bat
Era berean, erakundeen aldetik emandako erantzuna ere "izugarrizko indarkeria instituzionala" bezala deskribatu du berak. Azpimarratu duenez, "abusuak eta bortxaketak egon zirela frogatu zen arren, epaileak kasua artxibatu egin zuen, eta are larriagoa dena, bera ikertzen ari ziren bitartean, umeeekin lanean jarraitzen utzi zion".
Anonimatua mantendu gura izan zuen biktimetako aita batek egoeraren berri eman zion HIRUKAri. Berak epailearen lana salatu zuen, besteak beste, ez baitzituen irakasleren sarrera- eta irteera-erregistroak eskatu, "akusatua umeakaz bakarrik egon ote zen baieztatu zezakeena", ez zielako umeak artatu zituzten pediatrei deklaratzeko aukerarik eman, ezta susmagarriaren gailu elektronikoak konfiskatzeko agindurik eman ere. Are gehiago, abusuak salatu zituen neskatoetako baten deklarazioa ez zuten aintzat hartu, autismoaren espektroko nahasmena duela-eta, amari ez baitzioten alabari laguntzen utzi, "legeak hala aitortu arren".
Kasu isolatu bat dirudi, baina Artetxek ohartarazi du Europa Ikastetxekoa ez dela salbuespena, salaketa gehienak sistematikoki artxibatu egiten baitira: "Ebidentzia nahikoa egon arren, ezin direla frogatu esaten dute". Datuak behin betikoak ez izan arren, arazo honen aurrean sistemaren erantzuna zalantzan jartzen duten zenbakiak kontuan hartzeko modukoak dira: umeen abusuen berri ematen duten ikastetxeen % 15ek baino ez diete agintariei jakinarazten, eta lege-sisteman sartzen diren adin txikikoen sexu-indarkeriako kasuen % 70 inguru ez dira inoiz ahozko epaiketara heltzen. Hori adierazten du Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Haurren eta Nerabeen aurkako indarkeriaren aurkako euskal estrategia 2022-2025 txostenak.
Erronka instituzionala
2021eko Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurka babesteko Lege Organikoak, LOPIVIk, inflexio puntu bat adierazi zuen, umeak eta nerabeak indarkeria matxistaren biktima zuzen gisa aitortu baitzituen lehen aldiz. Adibidez, horri esker, haurrei babes sozial osorako eta arreta espezializaturako eskubidea aitortzen zaie, eta aurretik zegoen legediaren arabera, ama batek genero-indarkeria salatzen bazuen ere, aitak seme-alabak bisitatzeko eskubidea zuen, baina LOPIVIk aukera ematen die epaileei bisita-erregimena eteteko, aitak biolentzia salaketaren bat baldin badu. Dena den, EAEko Auzitegi Nagusiak berak aitortu du kasuen % 14an bakarrik betetzen dela arau hori.
Bidaure. Sistemaren gabeziak betetzeko, Bidaure elkartea sortu zuten Oihane Artetxek eta bera bezalako hainbat profesionalek, gurasok eta biktima ohik. Beraien hasierako helburua Europa Ikastetxeko kasua salatu zuten familiei laguntza ematea izan zen, ikusi zutelako gizartearen eta erakundeen aldetik ez zutela babes nahikorik jasotzen. "Amak oso galduta egoten dira kasu hauetan, ez dakite norengana joan. Suposatzen da erakundeen lana babesa ematea dela, baina ez dute beraien lana egiten, are gehiago, birbiktimizatu egiten dituzte", salatu du Artetxek.
LOPIVI onartu ostean, EAE izan zen babesteko bere estrategia propioa sortu zuen lehen autonomia-erkidegoa. Hala, 2023ko Erakundeen III. Akordioak aitortza esplizitua egiten dio biolentzia bikarioari, eta administrazioen arteko koordinazioa indartzeko helburua du, arrisku-egoeran dauden adingabeak hobeto babesteko. Ildo berean, Espainiako Gobernuak indarkeria bikarioa Zigor Kodean delitu espezifiko gisa ezartzeko aurreproiektua ere onartu zuen irailean. Lege hori aurrerapauso bat izango litzateke emakumeen eta adingabeen babeserako, hainbat neurri aurreikusten baititu, batez ere, gurasoen banaketa-prozesuetan; adibidez, zaintza erabakitzeko auzibideetan seme-alaba adingabeak derrigor entzuteko betebeharra, eta bisita erregimenak hobetzeko neurriak aurreikusten ditu.
Ildo berean, guraso-alienazioaren sindrome faltsua edo antzekoak erabiltzea ere zigortuko luke legeak. Emakumeak aitaren aurka seme-alabak manipulatzen dituela dioen sindrome hau umeak amengandik banatzeko erabili da sarritan, baina funtsik ez duela frogatutzat eman dute hainbat adituk, baita Nazio Batuen Erakundeak berak ere.
"Nire semeak buruko ileak kentzen ditu familia topagunera sartu behar duen bakoitzean, ez du aitarekin joan nahi abusuak jasan izan zituelako". Basauriko emakume bat; Oihane Artetxek bere ikerketarako bildutako testigantza.
Hala ere, Artetxeren ustez, kontua da gizartea ez dagoela oraindik arazo honen inguruan behar bezala sentsibilizatuta, "hurbiletik gertatzen ez bazaigu, ematen du ez dela existitzen". Dioenez, "gizarte adultozentrista" batean bizi garenez, familia eredu tradizionala gailentzen da, eta horrek eragin handia dauka oraindik gizartean.
Era berean, ohartarazi du ikastetxe askotako langileek ez dakitela nola jardun horrelako kasuen aurrean, eta Poliziaren jardunean oraindik hainbat hutsune daudela alor horretan. "Aztertu ditudan kasuen artean, batek kontatu zidan Poliziarengana jo zuela eta artatu zion agenteak galdetu ziola ea ziur zegoen salaketa jarri nahi zuen, horrek familia suntsituko zuela, eta hobe zuela pentsatzen bazuen, eta beste egun batean bueltatzea". Gizartearen erantzuna apala izan arren, bere ustez gauzak gutxika-gutxika aldatzen ari dira, eta etxeko eremu pribatuan gertatzen zen indarkeria hau gero eta gehiago ari da salatzen. Hala ere, oraindino zeregin asko dagoela azpimarratu du Artetexek, besteak beste, umeak erdigunean jartzea eta beraien beharren araberako tresnak sortzea: "Instituzioen aldetik ematen den indarkeri hori, ekintzagatik edo omisioagatik ematen dena aldatzeko, lehenengo gizarte moduan ere aldatu behar dugu, eta babesa eman behar diegu ume horiei".