Elkarrizketak

Iñigo Martinez Peña: "Ezinezkoa ukatzen ez duen bizitza bizigarriago baten alde egin nahi dut"

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 27a

Iñigo Martinez Peñak bere liburua aurkeztuko du Getxoko Casal liburu-dendan azaroaren 29an, eguerdiko 12etan. © IÑIGO MARTINEZ PEÑA

Uribe Kostako irakurleek aurretik Durangoko Azokako giroa dastatzeko aukera izango dute. Izan ere, Iñigo Martinez Peña idazleak Getxoko Casal liburu-dendan aurkeztuko du bere lan berria: Ezinezkoaren alde. Hitzordua azaroaren 29an, barikuan, eguerdiko 12:00etan izango da.

Aurtengo azokako nobedade nabarmenetakoa da Martinez Peñaren saiakera berria. Bertan, egungo gizartean hain nagusi diren erritmo bizia, hutsune existentziala eta betetasunaren bilaketa etengabea auzitan jartzen ditu,  sakontasun berezi bategaz.

Durangoko Azoka gero eta gertuago dago, eta aurten protagonistetako bat izango zara. Nola sentitzen zara liburuaren aurkezpena hain hurbil duzula?

Oso pozik! Durangoko Azoka euskal kulturaren ospakizun ederra da, eta bertan egotea —idazle, irakurle edo entzule moduan— benetan gozagarria da.

Nola laburbilduko zenuke Ezinezkoaren alde? Zer aurkituko du irakurleak?

Egun, ezinezkoa ukatzen duen diskurtso bat pairatzen dugu: "Nothing is impossible. Ez dago ezer ezinezkorik. Nahi baduzu egin dezakezu". Horrela al da? Nahikoa ote da zerbait nahi izatearekin lortzeko? Ahaztuko ditugu baldintza politiko eta sozialak? Lelo horrek egonezin berezi bat sortzen du gugan eta etengabeko frustraziora garamatza. 

Eta zer aurkituko du irakurleak? Exijentzia horren kontrako hitz eta argudio lasaigarriak, ezinezkoa ukatzen ez duen bizitza bizigarriago baten alde. Ezinezkoa, dena den, ez da ezintasunarekin nahastu behar: den-dena ezin bada ere, gauza asko egin daitezke. Logika totalitarioa zulatzea da kontua.

Zein izan zen liburuaren abiapuntua? Nondik sortu zen?

Behin irakurri nuen ezinezko hiru lanbide daudela: irakastea, gobernatzea eta sendatzea. Oso iradokitzailea egin zitzaidan eta horren inguruan irakurtzeko, pentsatzeko, sakontzeko… gogoa piztu zitzaidan.

Zergatik dira ezinezkoak? Ez dago gida bat, ez algoritmo jakin bat. Eta justu horrek ematen die zentzu poetikoa, artistikoa! Asmatu egin behar da bidea, sormen lana behar du izan. Baina galdera bat ere etorri zitzaidan: aipatutako hiru horietara mugatzen da “ezinezkoen” zerrenda? Liburuan zehar, kapituluz kapitulu, ezinezko lasaigarri berriak agertzen dira: maitasuna, arreta, amaiera…

Zergatik izenburu hura? Zer esan nahi du zuretzat?

Izenburua liburuaren azpitituluarekin lotzen da: "Hutsunea egungo bizimoduan". Bada ezinezkoaren eta hutsunearen arteko harreman bat, eta lotura hori argitzen saiatu naiz. 

Bizitza zuloz beterik dago: ulermenetan, harremanetan, ahalmenetan… Merkatuak, aldiz, hutsune guztiak tapatzeko objektuak eta era guztietako konponbideak eskaintzen ditu, baina ezinezkoa da guztiz estaltzea. Eta baliteke oraindik okerragoa izatea: erabateko betetasuna hutsunea baino txarragoa balitz? Hutsunea, ezinbestean, gabezia moduan ulertu behar dugu? Ez dut uste.

Zenbat dago zure bizitzatik liburuan? Badago pasarteren bat esperientzia pertsonalaren oihartzuna duena?

Bai, noski. Pentsamenduak beti egon ohi dira bizipenekin lotuta.

Liburuko adibidetxo bat: duela urte batzuk, seme txikiarekin gau partean paseoan ginela, izar iheskor bat ikusi zuen. Halako izarrei desira eskatu ahal zaiela bazekien, baina ez zuen eskaerarik egin: "Aita, izar iheskor bat ikusi dut, baina ez noa ezer eskatzera, ondo nago".

Harritu egin ninduen bost urteko mutiltxoak esandakoak. Badirudi beti gogoan izan behar dugula zerbait falta zaigula baina berak ez zion izarrari ezer eskatu, eta paseoan jarraitu genuen, gustura… Egia esan, badira horrelako pasarte pertsonalak liburuan zehar.

Zein egile izan dituzu inspirazio?

Irakurketek elikatzen naute: nire idatzietan beste batzuen hitzak jasotzen ditut eta ahots propioa ematen saiatzen naiz… Horra hor, Jacques Lacan, Marina Garces, Agustin Arrieta edo Noreena Hertz, besteak beste.

Azaroaren 29an aurkeztuko duzu liburua Getxoko Casal liburu-dendan. Nolakoa izango da aurkezpena?

Bi lagun gonbidatu ditut: Aiala Garabieta eta Maitane Nerekan. Irakurle eta prentsalari finak dira, eta liburutik abiatuta bururatu zaiena partekatuko dute gurekin.

Esan ohi den moduan, irakurleak egiten du liburua! Eta gero, etortzera animatzen direnekin solasalditxo bat egingo dugu, parte hartzera animatzen direnekin edo gure artean...

Zergatik gomendatuko zenuke jendea aurkezpenera etortzera? Zer partekatu nahi duzu?

Egungo bizimodua elkarrekin ulertzeko desira partekatu nahi dut. Are gehiago, pantailetatik kanpoko elkargune batean, liburu-denda polit batean, presentzialki. Horrek ere badu bere balioa.

Zergatik ez luke inork galdu behar azaroaren 29ko aurkezpena?

Bueno… galtzea zilegi da. Ezinezkoa da toki guztietan egotea!

Hori bai, giro atseginean egoteko aukera izango dugu: pentsamenduaren doinua askoz politagoa da elkarrekin egiten denean. Sintonia hori bilatuko dugu behintzat…

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun