Hainbat urtez botak lagata utzi ostean, zelaira bueltatu eta Bizkerreko beteranoen taldea osatu duzue. Zergatik erabaki duzue taldea sortzea?
Klubeko kide eta Bizkerreko jokalari ohi batzuen artean beteranoen ligan parte hartzeko ideia atera zen. Duela bi urte Bizkaiko beteranoen emakumeen liga sortu zen eta, Bizkerrek ez zuenez bertan parte hartzen, aukera polit gisa ikusi zen kluba liga horretan lehiatzea, batez ere emakumeen kirolari bultzada emateko. Taldea sortzeko proposamena jokalari-ohien artean zabaldu zen eta hainbat jokalari-ohi animatu gara zelaira bueltatzera.
Bizkerre taldearen laguntza izan duzue bide horretan, ezta?
Bai, uste dugu esfortzu handia egin dutela iniziatiba hau aurrera ateratzeko: entrenatzeko zelaiak bilatzen, behar dugun materiala eta baliabideak lortzen... Taldea aurrera ateratzeko erraztasunak jarri dizkigute eta hasieratik asko inplikatu dira.
Jokalari guztiak “erretiratutakoak” zineten ala baten bat modu jarraituan aritu da jokalari gisa gaur arte?
Gehiengoa duela denbora nahikotxo erretiratutakoak gara, eta inoiz federatu ez diren jokalariak ere baditugu. Beteranoen liga honetan jokatzeko baldintza batzuk daude, baina oinarrizkoena da 30 urtetik gorakoa izatea. Jokalari gazteagoak ere onartzen dira, baina horien kasuan baldintza da aurreko denboraldian federatuta egon ez izana. Guk horrelako kasu bat daukagu, eta kide hau entrenatzera etortzen da, baina ezin zaio fitxa egin eta, beraz, ezin ditu partiduak jokatu.
Denak zarete Bizkerreko jokalari ohiak?
Gehiengoa, bai, baina beste talde batzuetan egondako jokalariak ere baditugu: Berango, Leioa, La Merced… Eta inoiz modu federatuan egon ez diren jokalariak ere bai.
Taldea guztiz osatuta dago?
16-18 fitxa ditugu oraintxe bertan; nahiko osatuta dugu taldea, baina atezaina falta zaigu. Ez badugu lortzen gure artean txandakatuko gara atezain-lanak egiteko. Hala ere, irekita gaude beste edonor taldera sartzeko.
Nola bizi izan duzue berriro ere zelairatzea?
Gutako askok duela 10 urte inguru utzi genuen futbola, beraz, emozio handiz itzuli gara. Azken finean, hainbat urtez egon gara futbolean jolasten, horrek dakarren talde giro eta sentimenduarekin; oroitzapen oso onak ditugu. Beraz, horretara nolabait itzultzea ilusioz hartzen dugu.
Zer oroitzapen etortzen zaizkizue burura Bizkerreko kamiseta berriro janzten duzuenean?
Bizi izan ditugun momentu guztiak datozkigu burura, futbol taldea familia bihurtzen baitzen. Batez ere oroitzapen onak etortzen zaizkigu, horiek baitira emozioz gogoratzen ditugunak. Anekdota asko ere gogoratu ditugu: zer jarrera geneukan jokatzen genuenean, zenbat txartela ateratzen zizkiguten, egiten genituen jokaldiak, entrenamenduetako ariketak... Hamar urte igarota, berriro elkartu gara, eta badirudi ez dela denbora pasatu gure artean, erlazioak berpiztu dira.
Zertan aldatu da emakumezkoen futbola Bizkerren jokatzen zenutenetik gaur arte?
Gogoan dugu batzuk duela 20 urte emakumezko lau talde besterik ez zeudela, eta Bizkerren 80 neska inguru askoz jota. Gure lehenengo urteetan, mutilen taldeen aurka jokatzen genuen. Gaur egun, 350 neska daude klubean. Aldaketa izugarria da, eta positiboki baloratzekoa emakumezkoen futbolak izan duen gorakada.
Zer ekarpen egiten dio beteranoen talde honek zuen egungo bizitzari, kirolaz harago?
Gure helburu nagusia ez da ariketa fisikoa egitea. Orain arte taldekide gehienok kirolarekin harremana izaten jarraitu dugu edo ariketa fisikoa egiten dugu. Gainera, liga honetan sartuta astean behin entrenatzen dugu, eta partiduak hilean behin edo birritan izango ditugu; ez da asko. Beraz, proiektu honek egiten digun ekarpena bestelakoa da. Alde batetik, futbolaren zirrara gugan berriro piztea, askok ahaztuta geneukalako. Bestetik, berriro talde giroa duen kirola egitea, hainbeste urtetan gure taldekideak izan direnekin erlazioa berreskuratzea eta talde-izaera hori berriro bizitzea.
Nola bizi duzue klubarekiko eta jokalari gazteenekiko harremana?
Hilabete eskas daramagu entrenatzen, beraz, beste jokalariekin ez dugu elkartzeko aukerarik izan. Baina klubaren parte garen heinean, aurrera begira ziur gaude edukiko dugula aukera elkarrekin egoteko. Denok aritu behar gara helburu berdinekin eta saretze-lan horietan.
Nolakoa aurreikusten duzue datorkizuen liga?
Egia esanda, ez dakigu oso ondo zein den ligako futbol maila, beraz, askorik ezin dugu aurreikusi. Lehenik eta behin, futbolarekiko harremana berreskuratzea eta taldea berriro egitea da gure asmorik behinena. Dena den, esan beharra dago oso jokalari lehiakorrak ditugula taldean, irabazteko espirituz josiak. Beraz, saiatuko gara ahalik eta emaitza onenak izaten; beti eraman dugu hori gure izaeran.