Swim Camp Getxok igeriketa elkarteak hirugarrenez antolatuko du IgeriBizi egitasmoa, 24 orduz euskaraz eta horren alde egiten dutenen lana babesteko ekimen solidarioa. Aurten, HIRUKA omenduko dute, komunikabideak 10 urte bete baititu, Uribe Kostako albisteak eta istorioak euskara hutsean jorratzen eta partekatzen. Aurrekoetan, EuskarAbentura eta Bizarra Lepoan elkarteak izan dira protagonistak, bakoitzak bere arloan euskara hauspotzeko egindako lana eskertu gura izan baitute.
"Euskaratik eta euskararentzako, eskualdea bizitzeko leku hobeago bat egiten duten elkarteen lana eskertzeko eta ospatzeko plataforma eskaini nahi dugu, egiten duzuen lana oso beharrezkoa eta ederra delako", adierazi du Ander Egiluz Beramendi IgeriBiziko kideak. Azaldu duenez, ekimen honek Korrikaren dinamika jarraitzen du, "baina, kilometroak izan beharrean, igerian egiteko orduak eta minutuak erosteko aukera dago. Familiek, norbanakoek, elkarteek edo enpresek eros ditzakete, eta ekimenak irauten dituen 24 orduetan beti egongo da norbait igerian helburua betetzeko".
"Euskaratik eta euskararentzako, eskualdea bizitzeko leku hobeago bat egiten duten elkarteen lana eskertzeko eta ospatzeko plataforma eskaini nahi dugu"
Ekimena abenduaren 20tik 21era egingo dute, zapatuko 12:00etatik domekako 12:00etara bitartean. Tarte horretan, igerilekuan besakadak ematen egongo den jendeaz gain, ekimenak iraungo duen bitartean beste hainbat ekintza ere egingo dituzte Fadura kiroldegian, hala nola umeentzako jolasak, musika-emanaldiak, waterpolo-partidak, baita oraindino zehaztu beharreko beste hainbat berritasun ere. "Beti gustatu zaigu berritzea, baina segurtasuna ere oso kontuan izaten dugu, horregatik, uneoro sorosle profesional bat egongo da igerilekuan begirale, ezbeharrik gerta ez dadin", azpimarratu du Egiluzek.
Ekimeneko unerik bereziena hasiera izan ohi da, eredugarria den pertsona batek egiten baititu lehen luzeak. Iaz, Paralinpiar Jokoetan lehiatu zen Mikel Erdozain igerilariak abiatu zuen ekimena, eta, lehen urtean, Iñigo Mentxaka Punta Galea txirrindularitza elkarteko kidea izan zen txonbo egiten lehena. "Azken momentuan ere jende asko biltzen da, eta goizeko ordu txikietan ere giro aparta egoten da igerilekuan".
IgeriBiziko kideak gaineratu duenez, iaz 140 norbanako, 20 bat familia eta 20 elkartek eman zuten izena, eta guztira 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten ekimenean. "Horrek adierazten du jendeari ardura zaiola eta ilusioa egiten diola, herritik herriarentzako egiten den gauza bat baita".
HIRUKAK 10 urte. Esan bezala, aurten dohaintza eta omenaldia HIRUKAri egingo diote. Egiluzen berbetan, hamar urteotan eskualdeko albisteak euskaraz jasotzeko eta partekatzeko egindako lana aitortu gura dute: "Ibilbidea erraza izan ez den arren, eskualdean euskara hauspotzeko haize-bolada bat da HIRUKA, eta kazetaritzari zilegitasuna ere ematen dio, beraz, aproposa ikusten genuen lan hori aintzat hartzea".
Hala, aurten izen-emateetan bilduko duten dirua HIRUKAri emango diote dohaintzan, komunikabidearen lana babesteko eta urteotan egindako lana goraipatzeko.
Izen-emateak swimcampgetxo.com webgunean egin ahal izango dira. Bertan, norbanakoek 5 euroko dohaintza egingo dute, familia bakoitzak 10ekoa eta elkarte eta enpresek 50ekoa. "Nahi duen jende beste etor daiteke eta ez dago zertan denbora kopuru jakin bat egon behar igerian. Uretan egotea aitzakia da herriko elkartea omentzeko. Igerileku txikia ere erabiliko dugu eta jolasteko edota entrenatzeko material mordoa egongo da haur, gazte zein helduentzat".
IgeriBizi Swim Camp Getxo igeriketa taldeak 2023tik antolatzen duen egitasmoa da. Horretan, herritarrak 24 orduz aritzen dira igerian. Izen-emateetan jasotzen den dirua Getxoko eta Uribe Kostako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duten elkarteei ematen diete dohaintzan. Orain arte, EuskarAbentura eta Bizarra Lepoan omendu dituzte; aurten, HIRUKA komunikabideari egingo diote aitortza.