Duela urtebete eta lau hilabete bizi da Abdel Getxon. Uneotan ez du lan egiteko eskubiderik, baina bai ikasteko. Gaztelania eta euskara ikasten ditu, "batzuetan hiru klase izaten ditut egunean", eta Beste Kultura Bat egitasmoan parte hartzen du, kultura-aniztasunari buruzko sentsibilizazio-berbaldiak eskainiz. Gainera, dokumental-argazkilari gisa, hasiera berri baten bila gurera etorri direnen esperientziak kontatzeko argazki-proiektu bat garatzen ari da uneotan*.
Abdelek 38 urte ditu, eta Chlefen jaio zen, "Aljeriako hiri ederrenetako bat izan zena". Historiaurretik askotariko zibilizazioen nahasketak —erromatarrak, feniziarrak, arabiarrak eta frantsesak— markatutako historia du, baina, 1980an, lurrikara batek hiria ia osorik irentsi zuen, historiaren erakusleiho ziren aztarna guztiak suntsituz. Atzera begira jarrita, gogoratzen ditu hango kaleetako zalaparta, haurren jolasak eta sukaldetik datozkion usainak, hala nola makoda el hara (patata-bolatxo frijituak piper eta baratxuriagaz), brouil-a (garagar hartzitu eta ezkur-hautsagaz egindako kuskusa) eta rfis chalfe (ogi birrinduagaz prestatutako kuskus plater tradizionala).
Udako beroaldiak ere gogoratzen ditu, 55 gradura irits daitezkeenak eta, bisitatzeko tokien artean, Tenesko Sidi Merouane hondartza gomendatzen du, itsasoaren eta basoaren artean dagoena.
Dioenez, gizarte arabiarrean oso ohikoa da esker ona adieraztea, baina ez modu korporalean. Behin, aireportuan, bidaia luze batetik bueltan, ama besarkatu zuen, jendaurrean nahiz eta gaizki ikusia zegoen. Orduantxe konturatu zen hori zela behar zuena bizitzan.
* Argazki-galeria ikusteko, jo HIRUKAren 224. zenbakira