Elkarrizketak

Naroa eta Izadi Ruiz: "Munduko txapeldun izatea esperientzia ikaragarria izan zen"

Beatriz Antona Uribe 2026ko urtarrilaren 12a

Bi ahizpa getxotarrek maila goreneko esperientzia dute.

Patinaje artistikoak ematen dizkien sentsazioak izugarriak dira Naroa eta Izadirentzat. Bi ahizpa getxotarrek maila goreneko esperientzia daukate kirol minoritario honetan. 

Patinaje artistikoaren munduan bide oparoa daramate Naroa eta Izadi. Elkarrizketa honetan, kirolak ematen dien askatasunaz eta datozen erronkei buruz hitz egin digute. 

Biak nazioarteko txapelketetan parte hartu duzue, Naroak Europako Kopan eta Izadik Europako Txapelketan. Zelako sentsazioak izan dituzue nazioarteko txapelketetan?

IZADI: Nik izugarrizko sentsazioak izan ditut. Desberdina izan da, azken finean ez naiz inoiz Espainiatik atera eta asko gustatu zitzaidan, egia esan.
NAROA: Nire kasuan ez da ahizparen egoera bera, gehiagotan atera naiz internazionalki. Baina, azkenean, Espainiatik ateratzen zaren bakoitzean aukera izugarrizkoa da gainontzeko kontinenteetako kirolariekin egoteko, ezta? Kirol indibiduala da eta guztioi gustatzen zaigu besteak nola dauden ikustea eta haiekin lehiatzea. Horrek asko aberasten du kirol ibilbidea.

Naroa, zu Kataluniara joan zinen handiko entrenatzaile bategaz aritzeko. Nolakoa da zure egunerokoa?

Orain dela bi urte joan nintzen Kataluniara eta gaur egun bertan bizi naiz. Esperientzia oso intentsua izan da; nire bizitza kirolari eta irristaketari dedikatu diot erabat. Denboraldi hasieran, azaro ingurutik uztailera, astelehenetik igandera entrenatzen genuen. Astean zehar, egunean bi edo hiru entrenamendu egiten genituen. Horrez gain, astean lau egunetan klaseak ematen nituen, beste bi egunetan flexibilitatea lantzen genuen, eta beste bi edo hiru egunetan fisikoa. Larunbatetan balet moduko klaseak egiten genituen. Oso aberasgarria izan da, Getxoko klub batean ez nuen mentalitate profesional hori lortzeko aukera izan.

Izadi, zu Bilboko Irrizbizi klubean aritzen zara. Zer espero duzu denboraldi honetaz?

Oraindik ez ditut helburuak zehaztu nire entrenatzailearekin, baina aurten Espainiako txapelketan lehenengo seiren artean geratzea gustatuko litzaidake, nahiz eta maila oso altua izan.

Zein da gehien gustatzen zaizuen gauza kirolean?

N: Niri askatasuna ematen dit. Kirol artistikoek badute alde emozional hori. Pistan zure musika jartzea, konfiantzaz aritzea koreografia askotan errepikatu duzulako… sentsazio bakarra da. Teknikari adi egon behar bazara ere, askatasun hori sentitzen duzu.

I: Nik beti esan izan dut sortzen diren lagunak direla gehien gustatzen zaidana, oso bereziak eta politak direlako.

Zein modalitate nahiago duzue, bakarka ala taldeka?

N: Azken bi urteetan banakakoa eta taldekakoa egin ditut, baina niretzat garrantzitsuena taldekakoa izan da. Munduko txapeldun izatea esperientzia ikaragarria izan zen, eta sinkronian aritzeak ez dizu banakako presio hori ematen.

I: Nik bi modalitate egiten ditut: librea (saltoak eta piruetak) eta solo dance. Entrenatzeko librekoa gehiago gustatzen zait, baina lehiatzeko dantza, urduritasun gutxiago sortzen didalako. 

Naroa, zuk crowdfunding bat egin behar izan zenuen Munduko Kopan parte hartzeko. Nolakoak dira kirol honetako gastuak?

N: Gastuak izugarriak dira. Patinek 1.000 euro inguru balio dezakete, eta gurpil bakoitzak (zortzi dira) 100 euro inguru. Zazpi pare inguru izaten ditugu, pista motaren arabera (egurra, pista zuria…) material desberdina behar delako.

I:Gainera, modalitate bakoitzerako patin eta gurpil desberdinak behar dira.

N: Patinez gain, koreografiak, kuotak eta teknifikazioak ordaindu behar dira. Kanpoko entrenatzaile batekin aste bateko lana 150 euro ingurukoa izan daiteke. Maillot bakoitzak 350 eurotik gora balio du, eta txapelketetako gastu guztiak —dietak, ostatua, hegaldiak— familien kontura izaten dira, entrenatzaileen bidaiak barne. Horregatik egin behar izan ditut mikromezenasgo kanpainak, duela hiru urte eta aurten nire taldearekin Txinara joateko.

Eta babesleak bilatzerakoan, zaila da? Klubak arduratzen dira ala kirolariek eurek?

N: Ez dago interes handirik gure moduko kirol minoritarioetan. Askotan irristaketa artistikoa irristaketa tradizionalarekin nahasten da. Babesleak kirolariak berak bilatu behar ditu; klubak ez du horretan parte hartzen.

Zeintzuk dira bien arteko desberdintasunak?

N: Librea izotz gaineko irristaketaren antzekoa da: saltoak eta piruetak. Solo dance, berriz, artistikoagoa eta espresiboagoa da, elementu tekniko zehatzekin, birak eta mugimendu konbinatuak barne.

Zuen ama koreografoa izanda, laguntzen dizue koreografiak sortzeko orduan?

N: Ez ditu arauak ezagutzen eta ez daki patinatzen, beraz koreografo espezifiko bat daukagu Katalunian. Hala ere, amak asko laguntzen digu mugimenduaren intentzioan, begiradan eta besoen kokapenean, alderdi artistikoan batez ere.

Zein da hurrengo erronka?

I: Agian kopa batera joango naiz, oraindik ez naute deitu. Nire erronka Junior mailan ondo pasatzea eta disfrutatzea da.

N: Niretzat hirugarren urtea izango da Senior mailan. Kirolarekin berriro konektatu eta disfrutatzea dut helburu. Hilabete barru klub potente batera joango naiz entrenatzera, eta Espainiako txapelketan lehenengoen artean egotea gustatuko litzaidake.

Nola ikusten duzue zuen burua bost urtera?

N: Entrenatzaile bezala aritu naiz, baina orain gehiago ikusten dut nire burua haur txikiei irakasten, agian eskolan. Edonola ere, irristaketari lotuta jarraitu nahi dut, izan epaile, koreografo edo entrenatzaile gisa. Koreografiak sortzea, adibidez, asko gustatzen zait.

I: Entrenatzaile laguntzaile moduan agian bai, baina astebururo txapelketetan ibiltzea ez zait gehiegi gustatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun