Azaroaren 17tik urtarrilaren 3ra, Argia frontoia topagune bihurtu da Algortan. Antolatzaileek aspalditik sumatua zuten Algortan pilotarekiko zaletasuna handia dela. "San Nikolas inguruko pala txapelketek urtero sortzen duten giroa ikusgarria da, eta askotan hitz egin dugu hor sortzen den hori eskuzko modalitatera pasatzeko nahiari buruz", azaldu dute. Hala ere, Txiki Otaegiko frontoiaren baldintzek ez zuten horrelako txapelketa bat egiteko aukerarik ematen, eta horrek beste bide batzuk bilatzera eraman zituen.
Lehen edizioa izanik, ez zuten halako erantzunik espero. "Deialdi irekia egin nahi izan genuen arren, lagun gutxiren arteko txapelketa izango zela pentsatzen genuen", aitortu dute. Izen-emateak handitzen joan ahala, ordea, kezka agertu zitzaien: "Espero genuenaren ia bikoitza izan zen".
Txapelketa hiru mailatan banatu dute, guztira 38 bikote bilduta. Galdetegi baten bidez egin zuten banaketa, mailak ahalik eta orekatuenak izan zitezen. "Lehen mailan esperientzia handiko jokalariak izan dira; bigarrenean, noizbehinka pilotan aritzen direnak; eta hirugarrenean, hasi berriak, edonork parte hartu ahal izan zezan", zehaztu dute.
Esatekoa da, halaber, parte hartzaile gehienak gizonezkoenak izan direla; emakumezkoen bikote bakarra izan da. "Pozik gaude esperientziarekin, eta aurrera begira helburuetako bat neska gehiagok parte hartzea da", gaineratu dute.
Antolatzaileen esanetan, ekintzak benetan funtzionatzen zuela sentitu zuten une batetik aurrera. "Hasieran kezkatzen zaitu prozedura ondo azaltzea eta oinarriak finkatzea, baina aurrera joan ahala parte-hartzaileek txapelketa beraiena dela adierazten dutenean konturatzen zara bide onean zoazela". Are gehiago, "ardura denon artean partekatzen denean, argi geratzen da txapelketa jada ez dela gutxi batzuena, denona baizik".

Partidetatik harago, sortutako giroaz oroitzen dira. "Betiko zirkuluetatik kanpoko harremanak sendotu dira, eta lehia sano eta dibertigarria ikusi dugu", azaldu dute, gehienetan euskaraz bizi izan den giroan.
Txapelketa herrikoia izatea izan da oinarria hasieratik. "Irabazi-asmorik gabeko ekimena da, auzolanean egina", diote, eta finalaren eguna jarri dute horren adibidetzat: "Lan handia zegoen egiteko, baina denon artean azkar eta ondo atera zen".
Finalak amaiera eman dio lehen edizioari, baina antolatzaileek argi dute "hasiera" baino ez dela izan. Esperientziatik ikasi dute, batez ere antolaketa-epeak hobeto lotzearen garrantziaz, baina badira aldatuko ez dituzten oinarriak: "Parte-hartzaileen konpromisoa edo materialaren partekatzea; horiek dira txapelketaren arima".
"Denon artean sortutakoa ederra izan da", diote; izan ere, txapelketak ez luke aurrera egingo herritarren eta parte-hartzaileen babesik gabe. Horregatik, egungo gizartean halako ekimenek duten balioa gogorarazi dute: "Dena gero eta indibidualizatuagoa den honetan, auzolanean oinarritutako proiektuak ezinbestekoak dira".