Larrañazubi eta Lamiako eskolakaz gertatuko den bezala, Algortako Juan Bautista Zabala herri ikastetxea ere itxiko dutenaren zurrumurrua hedatu da herrian. Bada, horren aurrean, Ainhoa Eguren Zumalakarregi zuzendariak argi eta garbi adierazi du hori erabat gezurra dela, eta ez dagoela horretarako inolako asmorik. Deitoratu duenez, horrelako esamesek beraien lana zaildu egiten dute, eta baieztatu du daborduko familiaren batek bere seme-alabak beste ikastetxe batean matrikulatzea eragin dutela.
Zuzendariak azaldu duenez, Getxoko Udalak onartu berri duen HAPOk aurreikusten du ikastetxearen jolastokiko zati bat kentzea, Batzokia dagoen lekuan etxebizitzak egin ahal izateko. "Herrian zurrumurrua zabaldu da Batzokia dagoen lekuan egingo dituzten etxeak eraikitzeko lanak direla-eta, zentroa itxi egingo dutela; egia da patioaren zati batean egingo dutela eraikina, baina parke bat egiteko erabiliko da, eta eskolatik hori erabiltzeko aukera izango dugu", adierazi du Egurenek.
D ereduko ikastetxea
Horrez gain, eskolako sarreran dagoen kartelean gaztelerazko hitzak estaltzeko Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko kideek pegatinak jarri dituztela ere gaitzetsi du zuzendariak. "Herriko jendeak uste du A ereduko zentroa garela, baina hori ez da horrela, D ereduko ikastetxea gara. Gainera, gure ikasleetako asko etorkinen seme-alabak dira, eta familiek zein eskolak apustua egiten dugu umeak euskaran eta euskal kulturan murgiltzeko; hau da, bai familiek bai eskolak bat egiten dugu euskalduntze prozesu horretan ", azpimarratu du Egurenek.
"Bizarra Lepoan edo Sendi bezalako euskara elkarteekin egiten dugu lan herrian euskara sustatzeko. Beste ikastetxe batzuekin alderatuta, zaurgarritasun testuinguru eta errealitate zaila dugu, eta, hala ere, egunero lanean jarraitzen dugu", gaineratu du zuzendariak.