Hezkuntza Sailak Lamiako eta Larrañazubi ikastetxeak itxiko ditu Leioan eta Getxon

Izaro Garcia · Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 23a

Larrañazubi ikastetxeak 3 eta 12 urte arteko 64 ikasle ditu gaur-gaurkoz.

Hezkuntza Sailak adierazi du integrazio-prozesu bat ari dela egiten, eta "hezkuntza-proiektuak indartzeko" itxiko dituela ikastetxeak, baina erabakiak kezka eta eztabaida piztu du Getxoko eta Leioako hezkuntza-komunitatean. Hala, Larrañazubi HLHIko ikasleak San Ignazio HLHIra bideratuko dituzte; Lamiakoko HLHIkoak, berriz, Artaza-Piñueta HLHIra.

Lamiako HLHIko Guraso Elkarteko presidenteak azaldu duenez, erabakia "kolpe gogorra" izan da hezkuntza komunitate osoarentzat: familientzat, ikasleentzat eta, bereziki, auzoarentzat. Haren hitzetan, "Lamiako bera da ondorio larrienak jasango dituena", eskola auzoko bizitzaren ardatz izan baita urte luzez.

Ildo berean, Larrañazubi HLHIko ikastetxeko familiek ere neurria gaitzetsi dute, eta ohartarazi dute Hezkuntza Sailaren erabakiak "eskola-porrotera" bultza ditzakeela haien seme-alabak, EAEn geratzen diren A ereduko ikastetxe bakanetako bat baita. Erabakiak "babesgabe" utzi dituela ere salatu dute; izan ere, ikastetxe horretan autismoa edo bestelako hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrak daude. "Txikitatik gaztelaniaz eskolatutako ume horiek hezkuntza-atzerapen larria eta krisi emozionalak jasan ditzakete ezagutzen ez duten hizkuntza batean eskolatzen badituzte", ohartarazi dute.

Horregaz batera, Haizea Arbide Aza Steilas sindikatuko bozeramaileak deitoratu du ez dituztela erabakiaren arrazoiak ulertzen: "Horrelako planifikazio eskasak eskola publikoa makaltzea besterik ez dakar". Hezkuntza Sailaren gardentasun falta ere kritikatu du, eta azpimarratu du horrelako erabakiak hartzean eragin soziala ere kontuan hartu beharko luketela. Sindikatuko kideak gaineratu du ezin direla ikastetxe publikoetako irakasleen lanpostuak suntsitu, itunpeko ikastetxeakaz hitzarmenak sinatzen dituzten bitartean.

Gero eta ikasle gutxiago

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikasle kopuruaren beherakada da itxiera horien arrazoi nagusia. Sailak "integrazio prozesu" gisa definitu duen egitasmo horren ondorioz, lau ikastetxe itxiko dituzte Bizkaian 2026-2027 ikasturtetik aurrera: Getxokoa, Leioakoa eta Bilboko bi. Larrañazubi eskolak, 3 eta 12 urte arteko 64 ikasle ditu, Lamiakokoak 50 bat dituen bitartean.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, 2026-2027 ikasturtean gauzatuko diren neurri horien helburua da "hezkuntza proiektuak indartzea, sistemaren ekitatea hobetzea eta eskola-segregazioaren aurkako borrokan aurrera egitea". Sailburuak gaineratu du erabakia "pedagogikoa" ere badela, hiru edo bost ikasleko gelek ez baitute bermatzen "ikasleak modu egokian gizarteratzea edota baliabide guztiez gozatzea".

Lamiako HLHIko Guraso Elkarteak ez du ukatu ikasle kopuruak behera egin duenik: "Bai, matrikulazioaren jaitsierak eragina izan du, noski, baina auzoko familien konpromiso falta ere badago". Izan ere, azaldu dute auzoan bizi diren familia askok beste ikastetxe batzuetan matrikulatu dituztela seme-alabak. Administrazioak beste ikastetxe bat hautatzeko aukera eman die familiei, baina garraio-zerbitzurik gabe. Horrek kezka eta ziurgabetasuna areagotu du, gurasoek eurek eraman beharko baitituzte haurrak eskolara, eta askok ez dute argi promesak beteko diren.

Hamaika proiektu kolokan

Lamiako HLHI eskola hainbat proiektu pedagogikotan murgilduta dago; tartean, Maskarada Txiki ekimenean. Guraso elkartearen arabera, proiektu horien etorkizuna ere "arriskuan" dago, eta udalaren inplikazioa eskatu dute ekimenak bizirik mantentzeko.

Gainera, zentroak aurten 50 urte betetzen dituela nabarmendu dute. Urteurrena ospatzeko belaunaldi arteko ekitaldi bat antolatzeko asmoa bazuten ere, egungo egoerak ospakizuna agur-ekitaldi bihurtzeko arriskua dakar.

Gaztelaniazko zentro bakarra

Larrañazubi HLHIko gurasoek azpimarratu dute ikastetxearen kokapena eta eraikina "ingurune pribilegiatua" direla ikasleentzat: 5.000 metro koadroko jolastokia, naturan kokatuta eta metro geltokitik hurbil. Era berean, defendatu dute A eredua ez dela mehatxu bat, euskara eta ingelesa ere lantzen dituztelako eta atzerritik datozen langile askorentzat aukera egokia delako.

Ilse Saiz familien elkarteko presidentearen ustez, Jaurlaritzaren erabakia "umeen eskubideen urraketa nabarmena da, aukera-berdintasuna eta hezkuntza-eredu horretarako sarbidea kentzen baitie". Haren iritziz, "bereziki larria" da "Gela Egonkorrean urteetan lortutako baldintza egokiak deuseztatzea"; izan ere, gela horiek ixteak "ingurune inklusibo finkatua eta haien ongizatea bermatzen zuten laguntza espezifikoak" galarazten dizkie ikasleei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun