Getxok Bizkaibizi zerbitzuko hiru geltoki berri estreinatuko ditu Iparbide, Sarrikobaso eta Maidagan kaleetan

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 23a

Urtean 464.086 joan-etorri metatu dituzte Getxoko Bizkaibiziko erabiltzaileek. © GETXOKO UDALA

Bizkaibizi zerbitzuaren azken jarraipen txostenaren arabera, 2025eko abenduko datuek argi uzten dute Getxok duen lidergoa bizikleta elektrikoaren erabileran. Hala, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibizi bizikleta elektrikoen zerbitzua indartzea erabaki dute, eta, horretarako, hiru geltoki berri jarriko dituzte Iparbide, Sarrikobaso eta Maidagan kaleetan.

Hilabete bakar batean Bizkaibiziren 36.498 erabilera erregistratu dituzte Getxon, eta urteko metatuan ere lehen postuan kokatu da 464.086 joan-etorrigaz, metropolialdeko gainerako udalerrien gainetik. Hala, Bizkaia osoan gehien erabiltzen diren hamar geltokietatik zazpi berton daude; esaterako, Areeta eta Fadurako puntuek hilean 4.000 alokairu baino gehiago izaten dituzte, sistemako ezagunenak bihurtuz. Datu esanguratsu horiek direla eta, udalerriak sistemaren presiorik handiena pairatzen du, geltoki bakoitzeko batez beste 2.147 bidaia egiten baitira hilero. Egoera horri erantzuteko, Iparbide, Sarrikobaso eta Maidagan kaleetan geltoki berriak jartzeak egungo sarea arintzen lagunduko duela aurreikusi du Udalak.

Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, geltoki berriek lurralde-estaldura hobetuko dute, kontuan hartuta Getxotik egiten diren joan-etorrien %72 udalerri barruan gertatzen direla. Inbertsio honegaz, Tokiko Gobernuak mugikortasun iraunkor, irisgarri eta konektatu baten aldeko apustua indartu gura duela ere berretsi du, herritarren benetako beharrei erantzunez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun