Bizitoki-larrialdi betean, Atari mugimendua sortu duzue hainbat auzokidek Getxon. Zein da, gaur egun, udalerri honetan ematen den egoera etxebizitzari dagokionez?
Etxebizitzarekin Getxon bizi dugun egoera benetan larria da: 1.503 euro hilean da alokairuko etxebizitzaren batez besteko prezioa; etxebizitza-parke publikoaren kopurua barregarria da (200 etxebizitzatik 3 baino ez dira publikoak); etxebizitzaren prezioa garestitzen duen Etxebizitza Turistikoaren ugaritzea geldiarazteko neurriak urriak dira; Getxoko udal-gobernuak ez du benetako borondate politikorik etxebizitzaren arazoari modu estrukturalean aurre egiteko; etxebizitza publikoaren sustapenak funts putreek kudeatzen dituzte…
Elementu horiek guztiek ekosistema perfektua sortzen dute: espekulatzaileek, promotorek, funts putreek eta inongo lotsarik gabeko errentistek, Getxo euren aberasteko joko-zelai bihurtu dute. Poltsikoak giza-eskubide oinarrizkoenetako batekin betetzen dituzte, hau da, etxebizitza eskubidearekin. Haien diru-goseak miseriara kondenatzen gaitu; etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik ez izatera, soldataren gehiengoa etxebizitza ordaintzeko erabili behar izatera, etxegabetuak izatera… desokupazio enpresa faxistak aberasten diren bitartean.
"Bizitzen ari garen egoera jasanezina da"
Udalerriko alokairuaren batez besteko prezioa hilean 1.503 eurokoa da. Batez besteko soldata, berriz, 1.600 euro ingurukoa. Nola uler daiteke hori?
Ezin daiteke ulertu. Egoera honetan ezinezkoa da duintasunez bizitzea. Bada garaia Getxoko udal-gobernuari erantzukizunak eskatzeko egoera hau baimendu izanagatik eta hau ekiditeko neurririk ez hartzeagatik. Bada garaia espekulatzaileei stop esan eta gure miseriarekin aberastuko ez direla argi uzteko. Horretara etorri gara.
Arazo estrukturala da, enpresa sustatzaile handi eta boteretsuenetik hasita, gure auzo edo kalean kokatuta dagoen higiezinen agentzietaraino, hainbat etxebizitza jabegoan dituen eta hauekin negozio egiten duen auzokidetik pasatuz. Hemen denek egiten dute negozio etxebizitza eskubidearekin, miseriara eta herritik alde egitera kondenatzen gaituztelarik. Eta bitartean, instituzioak arazo larri honen ikusle pasibo dira. Utzikeriaz jokatu dute eta egoera hau onartu egin dute.
“Guk ere gure herrian bizitzeko eskubide osoa daukagu”
Nor kanporatzen ari da etxebizitza-eredu hori eta zer ondorio sozial izaten ari da daborduko Getxon?
Larrialdi egoera guztietan bezala, etxebizitza krisi estruktural honetan baita ere, kolpatuenak sektore zaurgarrienak dira: gazteak, emakumeak, langabeak, pertsona arrazializatuak, migratuak… langile klasea. Aurreko galderako datuek argi uzten dute Getxon ia ezinezkoa dela bizitzea, eta are gutxiago duintasunez bizitzea. Honengatik, askok eta askok beren herritik, Getxotik, alde egitera behartuak ikusi dute euren burua. Getxoko langile klasearen “exodoa”-ren lekuko izaten ari gara, eta ozen adierazi nahi dugu: guk ere gure herrian bizitzeko eskubide osoa daukagu.
Etxebizitza-parke publikoa oso txikia da inguruotan. Zer erantzukizun egozten diezue administrazioei?
Udalerriko etxebizitza publikoaren kopurua % 1,5ekoa da. Hau da, Getxoko 200 etxebizitza bakoitzeko, 3 baino ez dira erregimen publikokoak. Erantzukizun zuzena daukate administrazioek, Udaletik hasita. Datu hauek etxebizitza krisi larri honen aurrean izandako utzikeria eta borondate politiko faltaren adierazle argiak dira. Herritarrok, etxebizitza duina eta prezio onargarrian eskuratzeko erraztasun handiagoa izan dezagun parke publikoa handitu beharrean, bestelako interesak lehenestea erabaki dute. Eta Irurak Bat etxearekin gertatu dena eta gertatzen ari dena ikusita, erraz sumatu ditzakegu zeintzuk diren lehenesten dituzten interesak… Eta nola ez, kasu honetan baita ere, luxuzko etxebizitzak egiteko.
Honetaz gain, HAPOari erreparatuz gero, agerian uzten digute zein den etxebizitza parke publikoa handitzeko daukaten anbizioa: zero; legeak behartzen dien etxebizitza publiko kopuru minimoa baino ez. Laburbilduz, utzikeria, borondate politiko falta eta herritarroi etxebizitza eskuragarriagoa egitea helburutzat ez duten interes ilunak.
Udal-gobernuaren benetako borondate politiko falta salatzen duzue. Zer neurri zehatzen falta sumatzen duzue eta zein iruditzen zaizue geratu direla "adabakietan"?
Etxebizitza larrialdi egoera batean bizi gara eta egoera honek, larrialdi sozial honen ondorioak arintzera zuzendutako salbuespenezko neurriak hartzera behartzen gaitu. Hainbat dira instituzio ezberdinek (Eusko Jaurlaritzak, Getxoko Udalak…) etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko martxan jarritako dirulaguntzak. Momentu puntual bateko larrialdi bati aurre egiteko neurri bezala ondo ikusten ditugu, baina ez dute ezertarako balio baldin eta etxebizitzaren arazoa errotik konpontzera bideratutako neurrien eskutik ez badatoz. Honengatik diogu dirulaguntza hauek adabaki edo partxe hutsak baino ez direla. Diru publikoz, poltsiko pribatuak beteko dituzten partxeak, alegia.
Alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntzez hitz egin dezakegu, Getxo eremu tentsionatua izendatzeaz… eta ongi etorriak! Baina neurri hauek arazoaren errora joko duten neurriekin batera etorri behar dira. Eta gure ustez, errora joko duten neurri hauek bi norabide hauetan joan behar dira: lehena, alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzera norabideratuta dauden neurriak; eta bigarrena, espekulazioarekin amaitzera norabidetuta dauden neurriak. Ezin baitugu ahaztu etxebizitza, eskubide bat dela. Ezin dugu onartu guztion eskubide bat gutxi batzuen negozio jarraitzen izatea.
Gainera, 2018an egindako zentsuaren arabera 3.371 etxebizitza huts zeuden Getxon. Gaur egun, gehiago direla uste dugu hutsik dauden etxebizitzak. Nola da posible hau bizi dugun larrialdiarekin? Horietako asko hutsik daude jabearen erabakiz, espekulazio produktu huts bilakatuta, merkatu librearen mesedetara jarrita errentagarrien den momentuan merkaturatzeko edota alderantziz, kentzeko. Espekulatzaile horiei mugak jarri behar zaizkie. Etxe huts hauek aktibatzeko neurrien falta agerikoa da Getxoko Udalaren partetik. Urgentziazkoa da etxebizitza huts hauei eta euren jabeei zergak eta kanonak aplikatzea, eta aldi berean neurri pizgarriak martxan jartzea.
“Etxebizitza turistikoek bi ondorio kaltegarri uzten dituzte: etxebizitza bizigarrien eskaintza murriztea eta inguruko etxebizitzak garestitzea”
Etxebizitza turistikoek egoera are gehiago larriagotu dute. Zer eragin izaten ari da auzoetan eta zer erregulazio aplikatu beharko litzateke zuen ustez?
Etxebizitza turistikoen presentziak bi ondorio kaltegarri eragiten dituzte. Lehenik eta behin, etxebizitza bizigarriaren eskaintzaren kopurua murrizten dute, turismora bideratuta baitaude. Eta bigarrenik, inguruko etxeen garestitzea dakarte, etxebizitzarako sarbidea are eta gehiago murriztuz. Asko kezkatzen gaituen gai bat da, batez ere azken urteetan etxebizitza turistiko hauen kopuruaren gorakada handia ikusita. Gaur egun, etxebizitza hauek erregulatzeko indarrean dauden neurriek ezin izan dute gorakada hau geldiarazi. Eta ez da inolako kontrolik egin. Airbnb bezalako aplikazioetan sartzerik baino ez dago, Getxon, lizentziarik gabeko etxebizitza turistiko ilegal andana topatzeko. Inpunitate osoz jokatzen dute. Uste dugu Getxoko Udalak baldintza eta kontrol neurri askoz ere zorrotzagoak martxan jarri beharko lituzkeela.
Ildo horretan ere, zer eragin dute funts putreek eta jabe handiek larrialdi honetan?
Funts putreei ateak itxi behar dizkiegu. Jendearen miseria eta egoera zaurgarrienak aprobetxatuz egiten dute negozio eta hauen kontura aberasten dira. Etxegabetzeekin poltsikoak betetzen dituzte bapo-bapo. Miserable hutsak dira. Udalerri askotan funts putre hauei sarrera galarazteko neurriak garatzen hasi dira. Getxoko kasuan, berriz, kontrakoa gertatzen ari da: ateak zabaltzen zaizkie parez pare eta alokairuzko etxebizitza babestuen promozioak eta hauen kudeaketa euren esku uzten ditu Getxoko Udalak. Horren adibide dira Alangoko alokairuko etxebizitza publikoak, Nestar funts putrearen esku daudenak. Benetan ulergaitza da.
Testuinguru honetan, zein izango da Atari mugimenduaren zeregina Getxon?
Etxebizitza larrialdi bete-betean jaio da Atari, Algortako Etxebizitza Mugimendua. Gure zerumuga, Getxon, etxebizitza negozio izatetik eskubide erreal bat bilakatzea izanik, bi helburu nagusi finkatu ditugu: lehena, Getxoko Udala mugiaraztea, etxebizitzaren problematikari aurre egiteko erroko neurri errealak hartu ditzan; eta bigarrena, espekulazioari mugak jartzea. Ez dira makalak gure buruari jarritako helburuak, baina egoeraren larritasunak tamainako erronkak onartzera behartzen gaitu.
Hau lortzeko, gure zeregina, alde batetik, etxebizitzarekin arazoak dauzkan herritar ororentzat tresna izatea da eta, honetarako, borrokarako espazio komun bat eskaintzen dugu. Alokairuarekin arazoak dituena, hipoteka ezin ordaindu dabilena, etxegabetua izateko arriskuan dagoena… Gurekin harremanetan jar daiteke: atarialgorta@gmail.com. Batera kolpatzen badugu, askoz ere indartsuago kolpatuko baitugu.
Beste aldetik, kaleak hartzea eta dinamika soziala piztea izango da gure bigarren zeregina, etxebizitzaren problematikaren erpin anitzak salatuz (alokairuaren prezio onartezina, etxebizitza turistikoen kontrol falta, funts putreen jarduna, alokairuko etxebizitza publikoen kopuru urriaren salaketa…) agenda politikoan eta eztabaida sozialean eragiteko helburuarekin.
Zuen ustez, zeintzuk neurri hartu beharko lirateke eremu publikoan etxebizitzarako eskubidea modu unibertsalean berma dadin?
Etxebizitza eskubide unibertsala bermatu ahal izateko, erakunde publikoek alokairu publiko unibertsaleko etxebizitza baten alde egin behar dutela uste dugu, jabegoa beti publikoa izango dena. Hau da, herritar orok alokairuko etxebizitza duin bat izateko eskubidea izatea, prezio eskuragarri baten truke eta norbere ahalmenei egokituta. Osasun sistemarekin gertatzen den bezalaxe: publikoa eta unibertsala. Ezin baitugu ahaztu etxebizitza oinarrizko giza eskubide bat dela. Eta norbaitek luxuzko etxe bat nahiko balu, jo dezala merkatu librera; baina lehenik eta behin izan dezala oinarrizko etxebizitza duin eskuratzeko aukera, publiko eta unibertsala.
Gaur egun Getxon dugun etxebizitza parke publikoaren kopuru barregarria ikusita, oso urrun gaude. Etxebizitza politikari dagokionez, utzikeriaz jokatu dute instituzioek hamarkadaz hamarkada eta zenbatezinak dira arlo honetan galdutako aukerak. Zenbat urtez jarraitu beharko dugu horrela? Larrialdian bizi gara eta ezin dugu gehiago jasan. Heldu da egoera iraultzeko unea.