"Nire istorioa ez da bakarrik nirea; beste askorena ere bada". Esaldi horretan biltzen da Arantza Lopezek sortutako Igogailua antzezlanaren muina: esperientzia pertsonal sakon batetik abiatutako obra intimoa, hunkigarria eta ausarta, ikusleagaz zintzotasunez konektatzeko helburua duena.
2009an, 27 urte zituela, minbizia diagnostikatu zioten, eta gertakari hark bere bizitza betiko markatu zuen. Urteak igaro ondoren, barruan gordetako bizipena partekatzeko beharra sentitu zuen; esperientzia hura antzerki-lan bihurtzeko desira pixkanaka joan zen mamitzen. Horren emaitza da Igogailua, Lopezentzat idazle eta zuzendari gisa egindako lehen proiektu handia, eta jauzi artistiko zein pertsonal esanguratsua.
"Oso terapeutikoa izan da niretzat, barrua irekitzeko aukera eman dit"
Antzezlanaren ardatz sinboliko nagusietako bat igogailua da, bizitzaren igoerak eta beherakadak irudikatzeko baliatzen duen metafora. Bakardadea, barneko bidaia eta emozioen gorabeherak zeharkatzen dute eszenatokia: "Horrelako egoera batean bakoitzak duen barneko bidaia sinbolizatzen saiatu naiz".
Sormen-prozesua, ordea, ez da erraza izan. Lopezek aitortu du ohituta dagoela taldean sortzera, gorputzetik eta elkarlanetik abiatuta; kasu honetan, aldiz, "bakarrik eseri behar izan naiz ordenagailuaren aurrean testua idazteko", eta horrek zailtasun bereziak ekarri dizkio. Hala ere, prozesua emozionalki indartsua eta askatzailea izan dela dio: "Barre asko egin dugu, negar ere bai; oso bidaia potentea izan da".
Obran, emozioek pisu handia dute; izan ere, denborak mina leundu badu ere, entseguetako une jakin batzuetan sentimenduak berriro azaldu zaizkio, bereziki bakarrizketa batean, non emozio sakonak azaleratu baitziren. Esperientzia horrek, hala ere, "oso terapeutikoa" izan da sortzailearentzat: "barrua irekitzeko aukera eman dit".
Askok uste dutenaren ez bezala, Igogailuak ez du sufrimendua bakarrik erakusten; lagunen presentzia, zaintzaren indarra eta enpatiaren garrantzia ere agerian uzten ditu. Lopezen ustez, egoera gogorretan ez da beti aholkurik edo diskurtso handirik behar; askotan, "behar duguna ulermena, presentzia eta lasaitasuna besterik ez da".
Eta minagaz batera, umorea. "Umore beltzak salbatu nau", dio Arantza Lopezek. Bizitzaren gogortasunaren aurrean, barre egitea ez da ihesa, baizik eta "aurrera egiteko tresna, arnasa hartzeko modu bat da", horrela adierazi du, behintzat, sortzaileak.
"Gustatuko litzaidake jendeak lasaitasuna eta eskertza sentitzea. Bizitzan duguna baloratzea, momentuak kontzienteki bizitzea eta gauza txikiak gehiago estimatzea"
Daborduko lehenengo emanaldia egina dago, publikoaren erantzuna bero eta hunkigarria izanik. Ikusle askok adierazi dute obrak barrutik ukitu dituela, eta batzuek aitortu dute ikuskizunari esker gertuko pertsonen bizipenak hobeto ulertu dituztela. "Batek esan zidan negar asko egin zuela eta orain hobeto ulertzen duela bere ama nola sentitu zen", azaldu du.
Azken batean, Igogailua antzerkia baino gehiago da; hau da, memoria-ariketa bat, sendatzeko bide bat eta ikusleari galdera zuzenak planteatzen dizkion esperientzia gisa definitu daiteke. "Gustatuko litzaidake jendeak lasaitasuna eta eskertza sentitzea. Bizitzan duguna baloratzea, momentuak kontzienteki bizitzea eta gauza txikiak gehiago estimatzea", esan du Lopezek.
Bizipenetik sortutako lan honetan, Arantza Lopezek mina arte bihur daitekeela erakutsi du, eta oholtza, batzuetan, sendabide, ispilu eta elkargune ere izan daitekeela.