EAEko Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo du Getxoko Udalak kontratuak zatitu izana

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 9a

Gobernu-taldeak kontratu bat zatitu egin zuen 40.000 euroko muga saihesteko.

Udal-gobernuak argiteria publikoaren lanetan kontratuak zatitu zituela eta hori legez kanpokoa dela ondorioztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaileek auziaren inguruko epai irmoa eman dute Getxoko Udalaren kontratazio-kudeaketa baten aurka, eta arrazoia eman diote EH Bilduri.

Epaiaren arabera, Getxoko Udalak egun berean onartu zituen 39.600 euroko kontratu bi, bakoitza, sektore publikoko kontratazioaren legeak ezarritako 40.000 euroko muga saihesteko. Kontratu biak Radimer enpresari esleitu zizkioten, eta helburua argiteria publikoa berritzea zen. Auzitegiaren arabera, ordea, "lan bakarra zen", udalerriko gune bitan gauzatu bazen ere.

EAEko Auzitegi Nagusiak berariaz azpimarratu duenez, "bi kontratuen artean batasun funtzionala dagoela egiaztatu behar dugu; izan ere, bietan argiteria publikoa berritzea zen helburua". Halaber, epaileek gaineratu dute "ez dela garrantzitsua lanak kilometro bat baino gehiagoko distantzian egin izana, funtsezkoa baita herriko argiztapena berritzeko jarduketa-plan bakar baten parte izatea, faseka gauzatu bada ere".

Lehen auzialdian, Bizkaiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak ez zuen EH Bilduren salaketa onartu, baina EAEko Auzitegi Nagusiak epaia baliogabetu du, kontratuen zatiketa legez kontrakoa izan dela iritzita. Auzitegiaren ustez, lanak faseka izapidetu zitezkeen, "baina ez kontratuak zatituta, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 118. artikulua aplikatzeko".

Epaia testuinguru bereziki sentikorrean iritsi da, Getxoko Udalaren kudeaketa urbanistikoa eta administratiboa jomugan dauden unean. Izan ere, 'Irurak Bat' jauretxearen eraisketaren auziak hiru EAJko zinegotziren inputazioa ekarri du, eta horrek areagotu egin du udal gobernuaren jardunaren inguruko eztabaida politikoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun