Elkarrizketak

Kimetz Garate: "Jendea postrearekin gozatzen ikusteak poztasuna ematen dit"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 12a

Ezinezkoa da Zurikaldai aipatzea eta postre eta opil gozoak burura ez etortzea. Hala ere, horren atzean lan handia dago, baita bizitza oso bateko dedikazioa ere.

Opil eta tarta artean abiatzen du eguna Kimetz Garate gozogileak. Bere jarduna gauerdian hasten du, goiz-goizetik Zurikaldai Neguri gozotegiko erakusleihoak gozozaleen ametsik ederrena bilakatzeko. Gurin-opila, arroz-pastela, karolinak eta espinaka-tarta dira Bizkaiko berezko opilak eta Zurikaldai Negurin inoiz falta ezin daitezkeenak.

Garatek 37 urte daramatza Zurikaldai Neguriko obratzaile-lanean, eta berritzea gustatzen zaiola dioen arren, postreen mundua nahiko tradizionala dela aitortzen du: "Neguri oso tradizionala da, beti gaude gauza bera egiten, oso gutxi berritzen da. Hemen familiak oso luzeak direnez ere, belaunaldiz belaunaldi pasatzen da postre jakin batzuk hartzeko ohitura. Adibidez, bezero asko Madrilen bizi dira, eta, hauteskundeetan edo hango jaiak direnean, hona datoz eta opil piloa erosten dute eramateko". Dioenez, lehen tarta asko egiten zituzten, ohitura handia zegoelako, baina azken urteotan hori aldatzen joan omen da.

Zurikaldai gozogintzagaz berezko lotura duen izena da; izan ere, inguruan izen hori daramaten hiru gozogile daude: Garateren Neguriko eta Portugaleteko gozotegiak, Areetan eta Algortan bere lehengusu batzuek dituztenak eta Bilbokoak. "Familiakoak gara denok, bakoitza bere aldetik. Algortakoekin harreman gehiago daukat; aldiz, Bilbokoak ez nituen ezagutzen elkarrizketa baterako batu gintuzten arte; 200 urte pasatu dira banatu zirenetik, baina daukagun harremana ona da", azaldu du.

Hala ere, gozogileen munduan dena ez da hain goxoa. Garateren esanetan, sukaldaritza hain estimuan duen herrialde bat izanik, postreak eta opilak gutxietsita egon dira orain arte; hala ere, gauzak aldatzen ari direla azpimarratu du: "Jende gaztea ari da sartzen, gozogileak batu egin gara eta gauza berriak egiten ari gara; adibidez, Picassoren Gernika margolana txokolatearekin egin genuen tamaina errealean; 1.500 kilo behar izan genituen eta ezagutzen ez ginen 40 bat gozogile batu ginen horretarako, eta oso harreman politak atera ziren hortik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun