Itaia Uribe Kosta: "Emakumeok prostituitzera garamatzaten baldintza ekonomiko eta sozialak gainditu behar ditugu"

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 17a

Itaiako kideak Telletxe plazan batu ziren Getxon emandako behartutako prostituzio-kasu salatzeko. © ITAIA

Joan den barikiuan, Itaia Uribe Kostak kontzentrazioa egin zuen Algortako Telletxe plazan, Getxon azaleratutako sexu-esplotazio kasua salatzeko. Elkarretaratzean, sexu-esplotazioaren aurkako mezua zabaldu eta antolakuntzarako deia egin zuten.

Itaiako kideek adierazi zutenez, Getxon gertatutakoak "gurean ere sexu-esplotazioaren errealitatea zein gordina den" erakusten du. Era berean, gogorarazi zuten mundu osoan milioika emakume "egunerokoan sexualki esplotatuak eta bortizki zapalduak" direla, "zenbaiten irabazi ekonomikoak bermatzeko".

Itaiaren arabera, testuinguru ekonomiko eta sozial prekarioek emakume asko esplotazio-sareen menpe uzten dituzte, "baldintza penagarrietara kondenatuta". Halako egoerek "indarkeria matxista gordinean oinarritzen diren lan-prozesuetara kateatzen" dituztela salatu zuten, eta sare horiek, etekin ekonomiko handiak lortzeaz gain, "emakumeon sexualizazioan sakontzen" dutela ere gaineratu zuten, objektu sexualaren ideia indartuz.

Indarkeria matxistari aurre egiteko, "emakumeok prostituziora garamatzaten baldintza ekonomiko eta sozialak gainditzea" beharrezkotzat jo zuten, guztiontzako bizi baldintza duinak oinarri izango dituen gizartea eraikiz. Horretarako, "sexu-merkatuaren aurka borrokatzera eta haren konplize diren guztiei aurre egitera" deitu zuten, baita egoera horretan dauden emakumeekin batera antolatzera ere.

Azkenik, martxoaren 8ari begira mobilizatzeko gonbita luzatu zuten, eta aldarri argia plazaratu: "Sexu-esplotazioa borrokatu! Indarkeria matxista orori aurre egin!"

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun