Zergatik da hain garrantzitsua kolon-ondesteko minbiziaren aurkako kanpaina hau?
Kolon-ondesteko minbizia Euskadin intzidentzia handiena duen tumore gaiztoa da. Espainiako Minbiziaren Informazio Epidemiologikoko Sistemaren (SIEC) datuen arabera, 2023an 2.019 kolon-ondesteko minbizi kasu berri diagnostikatu ziren EAEn, 1.172 gizonezkoetan eta 874 emakumezkoetan.
Kanpaina hau funtsezkoa da kasu kopuruagatik eta, gaur egun, detekzio goiztiarra egiteko aukera ematen duen proba erraz bat dugulako. Hori oso garrantzitsua da, ikerketa askok frogatu baitute garaiz detektatzeak bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena hobetzen dituela. Gainera, zientifikoki egiaztatu da halako programek heriotza-tasa % 15 eta % 30 artean murriztu dezaketela.
Horregatik, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartetik baheketa-programa honetan parte-hartzea sustatu nahi du. Hala, urte osoan zehar, Bizkaiko hainbat udalerritan kanpainak egiten ditugu, kasu bakoitzean Osakidetzako baheketa-programa hasten den unearekin bat eginez. Martxoan, oroigarri orokor bat egiten dugu eta parte hartzeko deia zabaltzen dugu, martxoaren 31 Koloneko Minbiziaren Prebentzioaren Eguna delako.

Kanpainaren mezu nagusiak detekzio goiztiarra gakoa dela azpimarratzen duzue, hori da, hain zuzen ere, leloa. Zergatik da hain garrantzitsua gaitza garaiz detektatzea?
Mezua argia, erraza eta zuzena izatea nahi dugu: "Testa egin". Lelo horren bidez, herritarrengana zuzenean iritsi nahi dugu, ekintzarako deia egin eta Osakidetzaren gonbidapena jasotzen duten pertsona guztiek proba egin dezaten. Azterlan batzuek erakutsi dute baheketa-programetan parte-hartze txikiagoa egon daitekeela materialak eta mezuak ulertzeko zailtasunen ondorioz. Horregatik, elkartean hizkera hurbila erabiltzen dugu, irudiekin lagunduta, kanpainaren helburua zein den argi gera dadin, teknizismoak edo nahasmena sor dezaketen terminoak saihestuz.
Kanpaina hau ezinbestekoa da, minutu gutxi batzuek zure bizitza alda dezaketelako. Kolon-ondesteko minbizia garaiz detektatuko balitz, 10 pertsonatik 9k bizirauteko aukera izango lukete. Osakidetzaren baheketa-programak 50 eta 74 urte bitarteko herritarrak gonbidatzen ditu gorozkietan ezkutuko odola detektatzeko testa egitera, gaixotasuna hasierako faseetan atzemateko. Programak, gainera, lesio aurregaiztoak edo polipoak aurkitzeko aukera ematen du; etorkizunean tumore gaizto bihur litezkeen lesio horiek kendu egin daitezke. Beraz, baheketa honetan parte hartzeak minbizia agertzea ere saihestu dezake.
Nola egiten da detekzio goiztiar hori?
Minbizi mota honen detekzio goiztiarra gorozkietan odolaren presentzia identifikatzen duen proba baten bidez egiten da. Odol hori patologia onberen ondorioz ager daiteke, hala nola hemorroideengatik edo polipoengatik; lesio gaiztoengatik, beste polipo mota batzuengatik edo displasiagatik; edo lesio gaiztoengatik, hau da, minbiziagatik. Horregatik, gorozkietan ezkutuko odolaren testa positiboa bada, jatorria baieztatzeko sedaziopeko kolonoskopia egiten da.
Gorozkietako ezkutuko odolaren testa oso proba erraza, higienikoa, erosoa eta minik gabekoa da. Etxean gonbidapen-gutuna jasotzen da, jarraibideekin eta gorotza jasotzeko tutuarekin batera. Etxean bertan egin daiteke, minutu gutxitan. Gorotz lagin txiki bat hartu eta gehienez hiru eguneko epean osasun-zentrora eramatea besterik ez da egin behar. Zentroa irekita dagoen ordutegi osoan entrega daiteke, ez da hitzordurik eskatu behar, eta sarreran dagoen kutxa hori batean uzten da. Ez da beharrezkoa zuk zeuk eramatea; beste norbaitek ere zure ordez entrega dezake.
Horregatik guztiagatik, elkarteak kolon-ondesteko minbiziaren detekzioan zuen papera bete dezazuen eskatzen dizue: gogoratu, gonbidapena etxera iristen zaizunean, egin testa!
"Gizonek emakumeek baino gutxiago hartzen dute parte, nahiz eta gaixotasuna izateko arriskua handiagoa izan. Osakidetzaren webgunean adierazten denez, emakumeen kasuan 10etik 3k lesio aurregaizto edo gaiztoa izango dute, eta gizonen kasuan 10etik 5ek"
Zein herritarri doa bideratuta kanpaina, hau da, nork egin beharko luke proba?
Gaixotasunaren aurrekaririk ez duten 50 eta 74 urte bitarteko pertsona guztiei dago zuzenduta. Pertsona horiek etxean jasotzen dute gonbidapena bi urtean behin. EAEn eta Nafarroan parte-hartzea handia bada ere, % 70etik gorakoa, elkarteak % 100eko parte-hartzea lortzea du helburu.
Baheketetan parte-hartzeari buruzko hainbat ikerketaren arabera, parte-hartze txikiagoan eragin berezia dute genero, adin, jatorrizko herrialde, etnia edo kultura eta egoera sozioekonomikoak. Gizonek emakumeek baino gutxiago hartzen dute parte, nahiz eta gaixotasuna izateko arriskua handiagoa izan. Osakidetzaren webgunean adierazten denez, emakumeen kasuan 10etik 3k lesio aurregaizto edo gaiztoa izango dute, eta gizonen kasuan 10etik 5ek.
Adinari dagokionez, 60 urtetik beherakoen artean parte-hartze txikiagoa atzeman da. Egoera sozioekonomikoari dagokionez, azterlanek ondorioztatu dute maila sozioekonomiko apalagoa duten pertsonek gutxiago parte hartzen dutela, gaixotasunari, programaren funtzionamenduari eta haren onurei buruzko ezagutza txikiagoarekin lotuta. Beste ondorio bat izan da osasun-zentroetara gutxiago joaten diren pertsonek ere gutxiago parte hartzen dutela baheketa-programan. Horregatik, osasun-profesionalen zeregina giltzarri bihurtzen da. Beste alderdi garrantzitsu batzuk dira ohitura osasungarriak mantentzearen garrantzia, gaixotasuna tabu gisa tratatzea eta, lehen aipatu dugun bezala, hizkuntza ulertzeko oztopoak.
Parte hartzeari eta kasu positiboen inguruko daturik duzue?
Osakidetzaren kolon-ondesteko minbiziaren baheketa-programak xede-biztanleriaren % 100eko estaldura duela nabarmentzen da, gaur egun 50 eta 74 urte bitartekoena. Gainera, esan bezala, Euskadin eta Nafarroan baheketa-programa hauetan desiragarria den % 65eko parte-hartze estandarra gainditzen da, eta % 70,4koa da. Hala ere, Osakidetzaren arabera, azken urteetan parte-hartzeak behera egin du apur bat udalerri batzuetan; Getxon, esaterako, 2023ko datuen arabera, parte-hartzea % 60koa izan zen Areetan, % 64koa Alangon eta % 68koa Algortan. Positiboen portzentajea, berriz, % 4,13koa izan zen Areetan, % 3,79koa Alangon eta % 4,37koa Algortan.
2009an abiatu zenetik 2024ra arte, Osakidetzaren kolon-ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarreko programak 4.400 tumore gaizto baino gehiago atzeman ditu, eta horietatik % 70 gaixotasunaren hasierako faseetan.
Horregatik guztiagatik, datuak oso onak badira ere, oraindik tarte handia dugu % 100era iristeko.
"Test honek, gorozkietan ezkutuko odola detektatzeko probak, bizitza salba diezazuke, garaiz atzemandako kolon-ondesteko minbiziak % 90eko sendatzeko aukera baitu. Horregatik, herritar guztiak proba egitera animatzen ditugu, bereziki arrazoi desberdinengatik normalean parte hartzen ez duten kolektiboak"
Zeintzuk dira eskualdean eta Bizkaian kanpainaren berri emateko aurreikusten dituzuen jarduerak?
Elkartearentzat lehentasunezkoa da Osakidetzaren kolon-ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarreko programan parte-hartzea sustatzea. Horregatik, urte osoan zehar programa indartzen eta herritarrak proba egitera animatzen saiatzen gara. Hala, Osakidetzak udalerri batean kanpaina hasten duenean, gaur egun Getxon gertatzen den bezala, hainbat astetan komunitate-ekintzak egiten ditugu programa ezagutarazteko eta 50 eta 74 urte bitarteko getxoztarrak animatzeko, etxean gutuna eta kita jasotzen dutenean, proba egin dezaten; izan ere, minutu gutxi batzuk besterik ez ditu eskatzen.
Ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi dugu, eta horregatik tokiko eragile askoren inplikazioa bilatzen dugu: udala, osasun-zentroa, elkarteak eta kolektiboak, dendak eta abar. Esaterako, materialak hainbat hizkuntzatan bidaltzen ditugu —euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz— udal-zerbitzuetako bulegoetara, hala nola gizarte-zerbitzuetara, migratzaileentzako harrera-bulegoetara, herritarren arretarako guneetara, kiroldegietara edo kolektibo kalteberekin lan egiten duten elkarteetara. Kanpaina udal-euskarrietan, autobus-geltokietan eta HIRUKA bezalako komunikabideetan ezagutarazten dugu, eta boluntarioen laguntzaz informazio-mahaiak jartzen ditugu; mahai horietan informazioa emateaz gain, probaren inguruko tabuak eta uste okerrak apurtzeko ere baliatzen dugu. Martxoan, informazio-kanpaina orokorra egiten dugu, martxoaren 31 Koloneko Minbiziaren Prebentzioaren Eguna dela aprobetxatuta.
Aipatu nahiko zenukeen besterik?
Test honek, gorozkietan ezkutuko odola detektatzeko probak, bizitza salba diezazuke, garaiz atzemandako kolon-ondesteko minbiziak % 90eko sendatzeko aukera baitu. Horregatik, herritar guztiak proba egitera animatzen ditugu, bereziki arrazoi desberdinengatik normalean parte hartzen ez duten kolektiboak.
Halaber, argitu nahi dugu edozein pertsonak egin dezakeela proba, osasun-identifikazioko txartela izan edo ez. Txartelik ez dutenek 900 84 00 70 doako telefonora deitu behar dute eta proba egiteko erregistratu.