Larrañazubiko familiek Arartekoarengana jo dute, "ebazpen ofizialik gabeko itxiera politikoa" salatzeko

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 13a

Larrañazubi HLHIko ikasleak San Ignazio HLHIra bideratu gura dituztela azaldu du Hezkuntza Sailak.

Getxoko CEIP Larrañazubi eskolako familien elkarteak (AFA) jakinarazi du Arartekoari eta Espainiako Herriaren Defendatzaileari helarazi diela ikastetxearen itxiera-prozesuari buruzko kexa. Familiek diotenez, "oinarri administratiborik gabeko itxiera politikoa" da, eta "ebazpen ofizialik gabe" ari dira gauzatzen; horregatik, itxiera berehala eteteko eskatu dute.

AFAren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ordezkaritzarekin izandako bilerak "porrot" egin du eta "kaos antolatzailea" zein "zorroztasun teknikoaren falta" izan ditu ezaugarri. Gainera, bileran ez omen dute jaso eskolaren itxiera justifikatuko lukeen txosten teknikorik edo memoria pedagogikorik: "Delegatua ez zen gai izan dokumentaziorik aurkezteko", adierazi dute.

Familiek azaldu dutenez, administrazioak "adingabeen ongizatea bermatzeko" argudioa erabili duen arren, idatzizko frogarik ez dute ikusi, eta emandako matrikulazio datuek, haien ustez, "integrazio proposamenaren bideragarritasuna zalantzan" jartzen dute. Horrez gain, Haur Hezkuntzari dagokionez, AFArentzat "lege-iruzurra" litzateke A ereduko ikasleak D ereduko geletan integratzea planteatzea, "aukeratzeko askatasunaren urraketa" eta "antolaketa-hondamendia" ekarriko lukeelakoan.

Bestalde, gela egonkorra ere jarri dute fokuan. Diotenez, Larrañazubik "inpaktu positibo handiko ingurune finkatua" eskaintzen du, eta, aldiz, administrazioak proposatutako lekualdaketan "oraindik existitzen ez diren instalazioak" edo "adabaki estrukturalak" aipatzen dituzte.

AFAren arabera, bilera akordiorik gabe amaitu zen eta "elkarrizketarako benetako borondaterik" ez zutela ikusi azpimarratu dute. Testuinguru horretan, familien elkarteak salatu du prozesuak "eskola publikoaren desmantelamendu programatua" erakusten duela, sare itunduaren kaltetan, eta iragarri du "bide guztiak" jorratzen jarraituko dutela Hezkuntza Sailak erabakia atzera bota arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun