Getxoko PPk San Nikolasen Udaltzaingoaren komisaria bat irekitzea proposatu du, delituak ugaritu direla argudiatuta

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 27a

Proposamenagaz batera, PPk polizia-etxe berriaren irudia ere sortu du. © PP GETXO

PPk datorren martxoaren 26ko osoko bilkurara eramango du Algortako San Nikolas plazan Udaltzaingoaren komisaria berri bat martxan jartzeko proposamena. Alderdi horretako bozeramaileen esanetan, ekimenaren helburua udalerrian azken hilabeteetan izandako delinkuentzia igoerari erantzutea eta auzoetan segurtasuna indartzea da.

PPk azaldu duenez, proposamena San Nikolas plazako Telefonicaren eraikin zaharrean kokatzea da asmoa. Taldearen arabera, eraikin hori "egokia" litzateke udal-zerbitzu berria hartzeko, eta, gainera, HAPOaren bidez etorkizunean udal-ondarera pasatzeko aurreikuspena dagoela gogorarazi dute.

Ekimenaren oinarri gisa, PPk Barne Ministerioaren Memoriako 2025eko laugarren hiruhilekoko datuak aipatu ditu, 2024ko aldi beragaz alderatuta. Haien arabera, zigor-arloko arau-hausteak 551tik 617ra igo dira, hau da, % 11,98ko gorakada. Delitu-moten artean, PPk nabarmendu du lesio larriak eta borroka jendetsuak 6tik 8ra igo direla (% 33,33), etxebizitzetan indarrez egindako lapurretak 18tik 25era (% 38,89), eta lapurretak 106tik 129ra (% 21,70). Halaber, ibilgailuen lapurretak 3tik 5era igo direla adierazi dute (% 66,67), eta bereziki azpimarratu dute drogen trafikoagaz lotutako delituak 1etik 5era pasatu direla (% 400). Oro har, PPren arabera, kriminalitate konbentzionala 346tik 405era igo da, % 17,05 gehiago.

Eduardo Andrade PPko zinegotziak adierazi du datu horiek "goranzko joera" berresten dutela, eta neurri zehatzak behar direla: "Datu hauek goranzko joera berresten dute eta neurri zehatzak eskatzen dituzte. Poliziaren presentzia indartzea funtsezkoa da segurtasuna hobetzeko eta auzokideen kezka gero eta handiagoari erantzuteko", esan du. Komisaria auzoan bertan izatearen garrantzia ere azpimarratu du: "Auzoetan poliziaren presentzia handitzea, gertuko azpiegituren bidez, segurtasuna eta bizikidetza hobetzeko neurri eraginkorrenetako bat da".

PPk, horrenbestez, premiaz jarduteko beharra aldarrikatu du, eta osoko bilkuran gainerako alderdiei eskatu die ekimena babesteko, Algortan eta udalerriko gainerako auzoetan "gertutasunezko" segurtasun eredua indartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun