Gertaeraren berri eman duten gazteen arabera, Udaltzaingoaren zein Ertzaintzaren esku-hartzeak ugaritu egin dira ikasturtea hasi zenetik, eta musika jartzeko erabiltzen dituzten karroen aurkako jarrera gogortu dute. Indabadan edo Urteberri gauean bezalako egunetan, poliziak identifikazioak egin, kuadrillak estutu eta, kasu batzuetan, soinu-ekipoak indarrez konfiskatu dituztela salatu dute.
Heldu zaizkien salaketetako zigor ekonomikoak "praktikan ordainezinak" direla adierazi dute, denen artean 20.000 eurotik gorako isunak jaso baitituzte. Banaka hartuta, 1.200 euroko bi isun, 5.000 eurokoa eta 4.000 eurokoa aipatu dituzte, besteak beste. Isunez gain, Algortako Gazte Txosna berak ere isuna jaso duela jakinarazi dute.
"Isun hauen zenbatekoa guztiz neurrigabea izateaz gain, isunetan egozten diren egitateak oso zigortzaileak eta zorrotzak dira, zenbateko altu hori ezartzera bideratzen dutenak", adierazi dute. Salatu dutenaren arabera, zentzugabea da Gabon Zaharra bezalako "egun esanguratsu batean", gauean kalean jendea elkartzea beraiei egoztea , "jendea egun horretan bere kabuz aterako ez balitz bezala".
"Guk karroaren eskaintza egiten dugu Gabon Zaharra bezalako datak ospatzeko eskaintzarik egiten ez duen Udal batean bizi garelako, ditugun baliabideekin egin dezakeguna delako. Horregatik, Getxoko udalari gai honekiko duen ardura hartu eta irtenbideak bilatzea exijitzen diogu", gaineratu zuten irakurritako komunikatuan,. Era beraen, Udalari elkarrizketarako prest daudela adierazi zioten, herriarentzako gazteakaz batera, udal-azpiegiturak eskuragarri jarriko dituen aisialdi bat eraikitzeko prest daudela erantsita.