Zubiletako ikastetxeak azkenean kiroldegi estalia erabiltzeko baimena lortu du, bi urte geroago

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 20a

Zubiletako ikasleek eta gurasoek protestak egin dituzte ikastetxeko kiroldegia berriz ere ireki dezaten exijitzeko. © ZUBILETA HLHI IGE

Zubileta ikastetxeko gurasoek azkenean ikastetxeak kiroldegi estalia erabiltzeko beharrezko baimena lortu duela jakinarazi du. Akats teknikoen ondorioz, kiroldegi berria ezin erabili egon dira orain arte, eta gurasoek salatu dutenez, horrek euritik babestutako jolastoki bat izate ere eragozten zien.

Kiroldegi berria egiteko lanak 2024ko udan hasi zituzten, frontoi zaharra kirol-instalazio estali bihurtzeko helburuagaz. Orain, azpiegitura berriak hainbat funtzio beteko ditu, hala nola hezkuntza fisikoko eskolak emateko lekua izateaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeko ere balioko du.

Hala ere, bi urte behar izan dituzten instalazio berri hauek irekitzeko, tartean, akats teknikoak agertu baitira, hala nola insonorizazio arazoak, iragazketak eta segurtasun alorreko gabeziak. Horrek guztiak eragozten zuen instalazioa irekitzea.

Horren eraginez, Zubiletako 290 ikasle inguru euritik babestutako patiorik gabe egon dira orain arte. Gurasoek azken hilabeteotan salatu dutenez, aurreko neguan ikasleek ez zuten patioan babesteko leku egokirik, eta horrek eragozpenak sortzen zizkien egun euritsuetan gelan denbora luzez itxita egon behar zutenean.

Egoera horren aurrean, familiak ez dira geldirik egon prozesu honetan. Alternatibak eskatu arren, besteak beste, karpa bat jartzea, iaz onartu zena, azken hilabeteetan presioa areagotu dute. Duela hilabete inguru, ehun pertsona inguru bildu ziren ikastetxeko patioan, konponbide urgente bat aldarrikatzeko. Orduan gurasoen elkarteak azpimarratu zuenez, auzia aisialdiarena baino harago doan kontua da: "Osasunaz, garapen fisikoaz eta ikaskuntzaz ari gara; geletan ordu luzez itxita egotea ez da aukera bat".

Azkenik, ikastetxeak familiei helarazitako oharrean pozik agertu da lortutako baimenagaz: "Albiste hau partekatzeak ilusioa egiten digu, eta gure ikasleek hemendik aurrera baliabide honetaz gozatzeko aukera izango dutela ikusteak are gehiago".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun