Subflubiala Ez! plataformak mobilizazioa deitu du zapatu honetarako

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 23a

Subflubiala Ez! plataformak herritarrak mobilizatzera deitu ditu zapatu honetan, apirilaren 25ean. © SUBFLUBIALA EZ!

Subflubiala Ez! plataformak herritarrak mobilizatzera deitu ditu zapatu honetan, apirilaren 25ean, Getxoko Areetako plazatik 18:00etan abiatuko den manifestazioan parte har dezaten. Kolektiboak itsasadarreko azpiko tuneralren proiektuaren aurkako jarrera berretsi du, haren ondorio sozial, hezitzaile eta ingurumenekoak salatuz.

Eguazten arrastian Leioan egindako agerraldian, plataformako ordezkariek azpiegitura "garesti eta antisoziala" dela adierazi dute. Hodei Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, proiektuak "garraio pribatuan oinarritutako mugikortasun eredua sustatuko du", eta horrek eragin zuzena izango du inguruneko bizilagunengan zein ikastetxeetan.

Bereziki kezkatuta agertu dira Artaza-Romo inguruko hezkuntza komunitatearekin. Plataformaren arabera, obrek zarata, bibrazioak eta kutsadura eragingo dituzte, eta horrek ikasleen eguneroko jarduna baldintzatuko du. "Ezinezkoa izango da klaseak normaltasunez ematea obren eraginarekin", azpimarratu du Rodriguezek.

Halaber, datorren ikasturteari begira dagoen ziurgabetasuna salatu dute. Lamiakoko ikastetxera lekualdatzeko proposamena "erabat bideraezina" dela uste dute, eta irtenbide egokirik ez dela planteatu kritikatu dute.

Itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua 2015eko ekainean onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, 500 milioi eurotik gorako aurrekontuagaz. Egun, aurretiazko azterketen kontratazio fasean dago, 147 milioi euroko partidagaz. Hasiera batean lanak udaberrian hastekoak baziren ere, plataformak zalantzan jarri ditu epeak, eta atzerapenak egon daitezkeela iragarri du.

Testuinguru honetan, Subflubiala Ez! plataformak herritarren parte-hartzea funtsezkotzat jo du larunbateko mobilizazioan.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun