Aldaketa horiek, askotan, egunerokoan nabaritzen hasten dira. Adibidez, baginako lehortasuna nahiko ohikoa da, eta horrek azkura edo ondoeza eragin dezake. "Lehortasun handiagoa sentitzea nahiko ohikoa eta normala da", dio Larrazabalek. Horrez gain, mikrobioman gertatzen diren aldaketek infekzio-arriskua handitu dezakete, eta fluxuan ere aldaketak ager daitezke.
Baina ez dira sintoma fisiko hutsak. Zoru pelbikoak ere aldaketak jasaten ditu, eta horrek ondorio zuzenak izan ditzake bizi-kalitatean. Inkontinentzia edo organoen jaitsiera (prolapsoa) dira ohikoenetako batzuk. "Emakume askok pisu-sentsazioa sentitzen dute baginan, barruan zerbait izango balute bezala", azaldu du.
"Ez geratu mediku baten komentario batekin. Bilatu beste profesional bat, espezializatua"
Horrek guztiak eragina du sexualitatean ere. Mina edo ondoeza ager daiteke harremanetan, eta askotan isilean eramaten den arazoa da: "Sexu-harremanek plazererako izan beharko lukete, ez mingarriak". Eta horregatik, sintomak normalizatze baino, tratatzeko beharra azpimarratzen du.

"Sexu-harremanek plazererako izan beharko lukete, ez mingarriak"
Zentzu horretan, gomendioek ere harritu dezakete. "Askotan etxerako lan gisa orgasmoak gomendatzen ditugu", dio barrezka. Izan ere, plazerra garrrantzitsua bada ere, odol-zirkulazioa hobetzea da gakoa. "Zenbat eta odol gehiago egon ehun batean, orduan eta hobea izango da haren kalitatea".
Lubrifikatzaileei buruz ere badago nahasmen pixka bat. Askok uste dute arazo baten seinale direla, baina ez da beti horrela. "Egun batean lubrikantea behar baduzu, ez da ezer gertatzen", dio. Izan ere, gorputza aldatu egiten da, eta zikloak ere badu eragina.
Hala ere, gako nagusia autoezagutzan dago. "Menopausiara heldu aurretik gure gorputza ezagutu behar dugu", gomendatu du. Horretarako, ukitzea, begiratzea eta gorputzaren erreakzioak ulertzea funtsezkoa dela dio.
Eta, batez ere, beldurra alde batera uztea: "Azken finean, gorputzaren beste aldaketa bat da, pubertaroa bezala". Etapa berri bat, baina ez zertan negatiboa.
Beharrezkoa izatekotan, laguntza bilatzea ere gomendatu du: "Ez geratu mediku baten komentario batekin. Bilatu beste profesional bat, espezializatua"
Azken batean, menopausia ez da soilik sintomen zerrenda bat; gorputza ulertzeko beste etapa bat da.