Elkartasuna izan da Zaporeak Eguneko osagai nagusia

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 11

Pasa den zapatuan, maiatzaren 9an, Getxoko TikiToki Zentroa elkartasunaren eta esker onaren topagune bihurtu zuten Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeko kideek. Festa honek ehunka lagun bildu zituen Lesboseko errefuxiatuei laguntzeko proiektua babesteko eta urteetan sare hori posible egin duten boluntario, erakunde eta herritarren lana aitortzeko.

Eguna eguerdiko 12:00etan hasi zuten emozioz beteriko ekitaldi bategaz. Hasierako aurreskuak eta txalapartaren doinuek harrera egin zieten Aldundiko, Udaleko eta elkarte laguntzaileetako ordezkariei, baita Zaporeaken funtsa diren boluntarioei ere. Goizean zehar, elkartearen lana islatzen zuten bideoak eta argazki erakusketak ikusi zituzten, txalapartariek giroa berotzen zuten bitartean.

Gastronomia, nola ez, jai herrikoiaren ardatz izan zen. Taloak, txistorra eta trikitilarien doinuak izan ziren goizaren erdigune, 13:30eko bertso-saioari bidea eman aurretik. Arratsaldean, herri-erromeriak jai-giroa gailurrera eraman zuen, eta 20:00etan eman zioten amaiera egunari, datorren urteko antolatzaileei lekukoa pasatuz.

Zaporeak elkarteko kideek poza eta esker ona adierazi dute jaialdiaren ostean: "Ze polita izan zen larunbatekoa! Gertu sentitu, partekatu, elkar besarkatu eta elkarregaz eraikitzen jarraitu dugu". Antolatzaileen esanetan, egun honek proiektu solidarioa "familia handi bat" dela berretsi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun