Aurtengo udaberrian jaiotako txita bakarra da Urki. Emea dela baieztatu dute biologoek, eta dagoeneko 25 egun ditu. Atzo bertan, martitzenean, eraztundu zuten, haren jarraipena egin ahal izateko. Horretarako, bi espezialista igo ziren kanpandorrera eta motxila berezi batean jaitsi zuten txoria, erorketak edo kalteak saihesteko erabiltzen duten sistema beragaz.
"Hogeita hamar urtean mila belatz baino gehiago eraztundu ditugu", azaldu du Iñigo Zuberogoitia biologoak, espeziearen jarraipen proiektuko kideak. Bizkaian hiru hamarkadaz garatutako programa zientifiko baten parte da identifikazio lana.
Urkik bi eraztun daramatza orain: bata Aranzadi Zientzia Elkartearen identifikazio ofiziala da, nazioarteko NAN moduko bat; bestea, ordea, kolorezko eraztun bat da, 4T kodeagaz. Horri esker, adituek urrutitik identifikatu ahal izango dute teleskopioen edo argazkien bidez, berriro harrapatu beharrik gabe.
Ikertzaileek habia-kutxaren inguruan pilatutako lumak eta harrapakinen hondarrak ere jaso dituzte. Orain arte, usoak izan dira elikagai nagusia, baina bestelako espezieak ere jan ote dituzten aztertuko dute datozen asteetan.
Urkiren jaiotza albiste berezia izan da Bizkaian. Izan ere, belatz bikote gazte batek hiri erdian aurrera ateratzea lortu du kume bat. Habia-kutxa joan den neguan jarri zuten Getxoko Udalaren eta Anticimex enpresaren laguntzagaz, eta Areetako eliza espezie honen hiri barruko lehen ugalketa-eszenatokietako bat bihurtu da.
Adituek egunero kontrolatu dute txitak izan duen bilakaera, eta azken astetik aurrera zuzenean ere ikus daiteke YouTuben. "Arrak eta emeak behar bezala zaindu dute; ohiko maiztasunez eman diote jaten eta oso ondo hazi da", nabarmendu du Zuberogoitiak.
Datozen asteetan, Urki dorreko erlaitzetan mugitzen hasiko da, ingurua aztertzen eta gurasoei begira. Ondoren etorriko dira lehen hegaldikadak. Emeek gehiago behar izaten dute normalean, handiagoak direlako eta lumajea guztiz garatzeko denbora gehiago behar dutelako.
Lehen hegaldiaren ondoren ere, ordea, ez da berehala urrunduko. Denboraldi batez habiara itzultzen jarraituko du atseden hartzera eta jatera. Gurasoekaz duen lotura hilabete gutxi batzuetatik uda oso batera arte luzatu daiteke. Helduak, berriz, bertan geratuko dira: "Dagoeneko euren lurraldea da eta urte askotan gera daitezke han", ondorioztatu du biologoak.