"Modu errazean esanda, menopausiaren aurretik gertatzen diren aldaketak dira", azaldu du Menak. Gorputzak gure hurrengo etapaz ohartarazten hasten den unea. Melendezek modu erraz bategaz azaldu du: "Obulutegien agurra da; gero eta modu ez-eraginkorragoan hasten dira lanean".
Emakume guztiek ez dute berdin bizi, baina badira ohiko seinale batzuk. Nabarmenena, askotan, hilekoaren desoreka izaten da. "Bat-batean hilabete batean falta zaigu, gero bueltatzen da… hori izaten da kontsultara etortzeko arrazoi nagusia", dio Melendezek. Hortik aurrera, bestelako sintomak ager daitezke: beroaldiak, umore-aldaketak, suminkortasuna, lo egiteko zailtasunak edo askok "buruko lainoa" deitzen diotena.
"Bat-batean hilabete batean falta zaigu, gero bueltatzen da… hori izaten da kontsultara etortzeko arrazoi nagusia"
Hala ere, ez da beti erraza gertatzen ari dena identifikatzea. "Emakume asko harrituta etortzen dira, eta ez dute euren buruak etapa honekin lotzen", dio ginekologoak. Informazio faltagatik, neurri batean, baina baita itxaropen ez-errealengatik ere.
Izan ere, perimenopausia ez da gaixotasuna, trantsizio bat baizik. "Ugalketa-aldetik kanpoko bizitzara igarotzeko pausoa da", azpimarratu du Melendezek. Hala ere, une konplexua izan daiteke, beste aldaketa askogaz batera etortzen delako. "Gorputzean aldaketak hasten dira, eta ez dira beti gustukoak; horrek frustrazioa sortzen du", gehitu du Menak.
Horren aurrean, gure gorputzean zer gertatzen ari den ulertzea funtsezkoa da hobeto bizitzeko. Eta zaintza ere bai. "Oinarriak dieta, ariketa fisikoa eta ez erretzea dira", dio Melendezek. Ohitura horiek sintomak arintzeaz gain, etorkizuneko osasunean ere eragina dute.
"Gorputzean aldaketak hasten dira, eta ez dira beti gustukoak; horrek frustrazioa sortzen du"
Hori nahikoa ez denean, badaude bestelako aukerak: osagarri naturalak edo, kasu batzuetan, hormona-terapia. Betiere, kasuz kasu aztertuta. "Ez da guztientzat, baina ez da duela urte batzuk uste zen bezain arriskutsua ere", argitu du.
Tratamenduez gain, informazioa eta laguntza izatea funtsezkoa da; azken batean, normaltasunez bizi beharreko etapa bat da, oraindik horri buruz gutxi hitz egiten den arren. Etapa honetara iristear dauden emakumeei, aholku argia eman gura die Menak: "Aldaketetara egokitu eta behar denean laguntza eskatu"; izan ere, sintoma gehienak aldi baterakoak dira, eta denboragaz gorputzak bere oreka berria aurkitzen du.