Elkarrizketak

Maider Aresti: "Irabazi nahi bagaituzte, lan egin beharko dute"

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 15a

Maiatzaren 16an, emakumezkoen Getxo Rugby taldeak Iberdrola Ligako finalerdia jokatuko du Majadahondaren aurka. © GETXO RUGBY

Denboraldiko hitzordu handia dute aurrean Getxo Rugbyko emakumezkoek. Zapatu honetan, Faduran, Iberdrola Ligako finalerdia jokatuko dute Majadahondaren aurka, finalerako txartela jokoan dela. Bigarren urtea dute maila gorenean, baina taldeak erakutsi du ez dela kasualitatez heldu honaino: ilusioz, lan kolektiboaz eta nortasun handiz iritsi dira ligako unerik erabakigarrienera.

Barruan, ordea, ez dute "finalerdi" hitza askorik erabiltzen. "Guretzako final bat bezala da", dio Maider Aresti taldeko jokalarietako batek. "Etxean jokatuko dugun azken partidua da eta aste honetan denok batera gaude, nerbioak kontrolatzen eta giro ona mantentzen".

Neurketak badu bestelako osagairik ere. Duela aste gutxi, Erregina Kopan, Majadahondak puntu bakarragatik utzi zuen Getxo finaletik kanpo. Kolpe mingarria izan zen, eta taldeak ez du ezkutatzen barruan arantza hori oraindik ere baduela.

"Puntu bakarragatik galtzea oso gogorra izan zen guretzat, oso gaizki pasa genuen. Horregatik, partida hau motibazio handiz bizi dugu. Irabazi nahi bagaituzte, lan egin beharko dute"

"Errebantxa totala da", aitortu du Arestik argi eta garbi. "Aurkari oso gogorra da; urte asko daramatzate goi mailan eta gainera aurreko liga irabazi zuten. Puntu bakarragatik galtzea oso gogorra izan zen guretzat, oso gaizki pasa genuen. Horregatik, partida hau motibazio handiz bizi dugu. Irabazi nahi bagaituzte, lan egin beharko dute".

Hala ere, Getxok badu bere aldeko faktore garrantzitsu bat: Fadura. Aurten bertan 32-0 irabazi zieten madrildarrei etxean, eta zaleen bultzada ezinbestekoa dela diote jokalariek. "Izugarria da hemen sortzen den giroa", azaldu du. "Aurten inoiz baino jende gehiago etorri da partiduetara eta errugby femeninoa gorantz doala nabari da. Partidu handietan zelaia bete egiten da, eta hori asko sentitzen dugu barruan. Ikusleen berotasuna sekulakoa da. Majadahondak ez dauka hori, eta guk bai; hori gure aldeko bentaja handia da".

Getxo Rugbyren emakumezkoen taldeak urteotan ia dena irabazi du, baina Iberdrola Liga da oraindik falta zaien garaikur handia. Dena den, taldeak nahiago du oinak lurrean mantendu: "Guk oraindik semifinalean daukagu burua". Arestiren esanetan, taldeak "pausoz pauso" egin du lan, "primerakoa izango litzateke liga irabaztea, ez bada aurten, datorren urtean".

"Partidu handietan zelaia bete egiten da, eta hori asko sentitzen dugu barruan. Ikusleen berotasuna sekulakoa da. Majadahondak ez dauka hori, eta guk bai; hori gure aldeko bentaja handia da"

Taldearen indarguneaz galdetuta, ez du zalantzarik izan; hau da, "batasuna" taldearen oinarria dela dio. "Gure arteko harremana izan da gakoa. Talde bezala egin dugu aurrera. Une zailetan elkartu egin gara, hitz egin dugu eta hortik indartsuago atera gara. Zelaian 23 gara, baina atzean jende asko dago".

Zapatuko partiduari begira, Getxok argi du ez duela ezer gordeko. "Motibazio handiarekin aterako gara zelaira. Seguru asko, denboraldiko partidurik gogorrena izango da. Guk dena emango dugu", adierazi du Arestik.

Eta horixe izango da, hain zuzen ere, Faduran espero dena: intentsitatea, emozioa eta final baten usaina izango duen arrastia. Getxo Rugbyko emakumezkoek aukera historikoa dute aurrean, eta etxean, euren jendearen babesagaz, beste pauso handi bat eman gura dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun