Sormena eta inspirazioa ardatz, Serifalaris jaialdiaren 12. edizioari hasiera eman diote Getxon

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 15a

Getxoko Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroak Serifalaris diseinu eta sormen jaialdi entzutetsua hartuko du gaur, barikua, eta bihar, zapatua, maiatzak 15 eta 16. Estatu mailan erreferente den hitzordu honek sormen prozesuak eta inspirazioa izango ditu hizpide, ohiko kultura bisualetik harago doan ikuspegi zabalago bati helduta.

Peio Atxalandabasok eta Marina Goñik 2011n sortutako jaialdirako sarrerak eskuragarri daude oraindik euren webgune ofizialean, diziplina anitzeko nazioarteko zein etxeko profesional ugariren hitzaldiak bertatik bertara jarraitu gura dituen ororentzat.

Aurten, kartela punta-puntako izenez osatuta dator, eta horien artean Pantomima Full umorista bikotea dago, gaur egungo gizartearen estereotipoak kritikatzen dituzten bideo laburrengatik ezagunak direnak. Sarean oihartzun handia duen Erik Harley aditua ere Getxon izango da, bere "Pormishuevismo" mugimenduaren bidez hirigintza xahuketak salatzen.

Musikaren esparrutik, Raül Refree ekoizle eta konpositore ezaguna hurbilduko da, Rosalía edo C. Tangana bezalako artistakaz lan egin izandako esperientzia partekatzera. Nazioarteko oihartzuna Nathan Fyock estatubatuarrak, Twitch edo Nike enpresentzat aritutakoak, eta Morag Myerscough ingelesak emango diote, azken honek espazio publikoetan kolorez beteriko instalazio murgiltzaileak nola sortzen dituen azalduko duelarik.

Horiekaz batera, Catalina Estrada ilustratzaile kolonbiarrak Disney edo Netflix bezalako markakaz egindako kolaborazioak izango ditu hizpide, eta Pep Carrió diseinatzaile grafiko eta artista plastikoak bere lanaren alderdi poetiko eta kontzeptualean sakonduko du. Egitaraua borobiltzeko, Rubio&Amo eta &Rosas estudioen, Julia Solans ilustratzailearen eta Isabelita Virtual sortzailearen parte-hartzeak egongo dira; azken honek Meta edo OpenAI bezalako erraldoiakaz egiten du lan artea eta teknologia uztartuz. Azken orduan gehitu den Mayice artisau-diseinu estudioaren presentziak eta inor indiferente utziko ez duen erritmo handiko hitzaldi sorpresa batek osatuko dute Muxikebarri sormenez beteko duen aste-akabu eskaintza zabala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun