Maiatzaren 16an, taldeak amaiera ezin hobea eman zion denboraldiari: Gazte Berriak taldeari 67–48 irabazi zioten, urte osoan zehar egindako esfortzua eta ahalegina erakutsiz.
Frank Herrerak adierazi duen bezala, partidaren lehen zatian urduri samar egon ziren Getxoko neskak. "Gogo baino buru gehiago zeukaten, eta horrek ez zuen partidua irekitzen uzten", azaldu du berak. Atsedenaldiaren ondoren, ordea, bigarren zatia askoz hobea izan zen; burua partiduan jarrita, tentsioa askatu zuten eta jaurtiketa batzuk sartu eta gero, partida konpontzea lortu zuten.
Hala ere, entrenatzaileak ziurtatu duenez, badakite irabazteak ez du esan nahi hurrengo denboraldia errazagoa izango denik: "Txapeldun geratu gara, bai, baina erronkan pentsatu baino lehen, gauza asko daude, hala nola denboraldiaren antolaketa eta plangintza".
Nabarmendu duenez, erronka zailagoa edo eramangarriagoa izatea hainbat gauzagaz erlazionatzen da: "Talde bat entrenatzeak gauza asko eskatzen ditu; ez da soilik motibatuta edukitzea, oso motibatuta egon daitezke, baina saskibaloian jokatzen ez badakite, ez gara inora iritsiko". Izan ere, partidu bakoitzaren atzean, taldearen, entrenatzailearen, bigarren entrenatzailearen eta prestatzaile fisikoaren lana dago. Era berean, dioenez, prestakuntza mentalaren, fisikoaren, taktikoaren eta teknikoaren araberakoa da; eta bakoitzak barneratzeko gaitasunaren edo duen talentuaren arabera ere bai.
"Ez dugu sakrifiziorik aurrezten"
Herrerak hiru urte daramatza taldean, eta, dioenez, heldu zenetik esperientzia ezin hobea izan du bertan. "Jokalari talde aparta daukat; jokoan zentratzen dira, ez dira inoiz kexatzen eta beti % 100 ematen dute", adierazi du, honako hau gehituz: "Ez dugu aparteko talenturik, baina oso langileak gara, taldekide oso ona dugu eta ez dugu inoiz ahaleginik aurrezten".
Gogo eta esfortzu horiek ez dira bakarrik nesken taldean islatzen, mutilen taldeek ere lehia daramate beraien nortasunean. "Ez dugu sakrifiziorik aurrezten, ez dugu amore ematen borroka egin gabe, ez dugu baloi bakar bat ere galdutzat ematen... Horrek ez du esan nahi talenturik ez dugunik, baina egia da klubaren nortasuna hori dela", ziurtatu du Herrerak.
Modu berean, entrenatzaileak Vascons Getxoren babesa ere goraipatu du, eta adierazi du euren laguntza batik kluba ez litzatekeela posible izango: "Ahalegin, lana eta sakrifizio handia daude klubaren atzean".