Elkarrizketak

Goitibera Antzerki Konpainia: "Kaleko antzerkia aretokoa baino demokratikoagoa da"

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 29a

Ander Basaldua eta Saioa Iribarren Goitibera Antzerki Konpainiaren sortzaileak dira.

Goitibera Antzerki Konpainia ez zen egun batetik bestera sortu. Ander Basalduak dioenez, 2014a erabiltzen dute erreferentzia gisa, «urte jakin bat jartzeagatik», baina konpainiaren hazia lehenagotik zetorren. Basalduak eta Saioa Iribarrenek Bartzelonan ikasi zuten, Lecoqen pedagogiari lotutako eskola batean, eta han hasi ziren antzerkia beste leku batetik ulertzen: testutik baino gehiago, gorputzetik eta mugimendutik.

"Gure eskola sorkuntza eskola bat zen", azaldu du Basalduak. Ez zen aktore lana lantzeko gune hutsa: antzerki fisikoa, espazioa, mugimendua eta sorkuntza zeuden erdigunean. Iribarrenek ere argi du esperientzia hark erabat markatu zuela euren egiteko modua: "Guretzat normalena ez da testu batetik abiatzea; testua gero etortzen da".

Horixe da Goitiberaren lan egiteko modua: lehenengo gorputza, gero hitza. Lehenik jolasten dute, mugimendua lantzen dute, eta ondoren etortzen da testua, baldin badator. Horregatik, hasierako testuak gutxi izaten du azken piezatik; izan ere, bidean sortzen da dena.

Umoreagaz ere antzeko zerbait gertatzen zaie. Ez da beti paperean agertzen. "Umorea aipatzen duzue, baina guk irakurtzen dugu eta kristoren drama dirudi", esan izan diete. Iribarrenek badaki zergatik: "Umorea fisikoa denean ezin duzu idatzi; gertatu egin behar da". Eta gertatzen denean, orduan hasten da benetan funtzionatzen.

Plaza, topaleku

Konpainiaren ibilbidean, kaleak leku berezia hartu du eta hasieratik horrela planifikatu ez zuten arren, kale-antzerkian aurkitu zuten euren espazioa. Iribarrenerentzat, "kalea topatzea kasualitatea izan zen, eta altxor bat da niretzat". Aretoetako zirkuitua mugatuagoa dela sentitzen du, batez ere konpainia txikientzat. Kalean, ordea, beste aukera bat zabaldu zitzaien: "Ikuslea ez da beti ikuskizunaren bila joaten, baina ikuskizunak aurkitu egiten du".

"Edozein herriko plazara ateratzen zara, eta herria joaten da", dio Basalduak. Horrek ez du esan gura kalean dena erraza denik: ordutegi zailak, eguraldia, zarata edo espazioaren baldintzak hor daude beti, baina kaleak publikoarekiko harreman zuzena eskainzten du. Publikoa parean dago, eta berehala sumatzen da zer ari den gertatzen. "Kalean oso ondo ikusten dugu publikoari gure lana gustatzen zaion edo ez, eta horrek jolasteko tartea ematen digu", diote.

"Ikuslea ez da beti ikuskizunaren bila joaten, baina ikuskizunak aurkitu egiten du"

Iribarren ere oso gustura dago kalean. Ospitaleko pailazo moduan lan egina da, eta ohituta zegoen publikoagaz aurrez aurre egotera. Antzokian, aldiz, urruntasun handiagoa sentitzen zuen. "Aretoan ez duzu jendearen begirada ikusten", dio. Kalean, ordea, bai. Eta horrek "dena" aldatzen du: "Kalea gako bat da".

Basalduak beste arrazoi bat ere badu kale-antzerkia defendatzeko. Haren ustez, "kaleko antzerkia aretokoa baino demokratikoagoa da". Ez dago sarrerarik ordaindu beharrik, ezta aurretik kultura ohitura jakin bat izan beharrik ere. Plaza batetik pasatzen den edonor gera daiteke, begiratu, barre egin, ulertu edo ez ulertu; baina, behintzat, zerbait jaso.

Euskara hautu propio gisa

Euskararen inguruan ere antzeko galderak sortzen zaizkie. Goitiberak euskaraz sortzeko hautu kontzientea egin du, eta erabaki horrek euren bidea markatu du. Basalduaren ustez, kaleko eta publiko guztientzako ikuskizunetan euskarak gehiago lagundu die mugatu baino. Iribarrenek, ordea, ñabardura egin du: "Alde batetik ateak ireki dizkigu, eta beste batzuk itxi".

Gaztelaniaz aritzeak aukera gehiago emango lizkieke Espainiako zirkuituan mugitzeko, baina Goitiberak bestelako apustua egin du. Ez erosoena, beharbada, baina bai kontzientea. "Azkenean erabaki genuen euskaraz sortu eta Euskal Herrian euskaraz lan egitea", dio Basalduak.

Hala ere, Iribarrenek ez du euskara muga gisa ulertu gura; beste modu batzuk asmatu behar direla uste du. Euskaraz ez dakiten senideek edo ikusleek ikuskizunak ez ulertzeak pena ematen diola aitortu du, baina Goitiberaren antzerki fisikoak bide bat ireki die. "Istorioa publikora iristen dela konturatu ginen", dio. Mugimenduek, keinuek eta umore fisikoak hizkuntzaren gainetik ere komunikatu dezakete.

Iribarrenentzat, beraz, erronka ez da euskaraz sortzeari uztea, hizkuntza hautu horretatik abiatuta publiko gehiagorengana iristeko bideak asmatzea baizik. "Azkenean dena ez da testua ulertzea", dio, "gorputzak ere bere hizkuntza baduelako".

"Azkenean dena ez da testua ulertzea, gorputzak ere bere hizkuntza baduelako"

Euskarazko sorkuntzaren inguruan, ordea, oraindik ere mesfidantza sumatzen dute. Iribarrenek argi du badagoela euskarazko antzerkia bigarren mailakotzat hartzen duen begirada bat. "Euskarazko antzerkia ez dago gaztelaniazkoaren mailan" dioen epaiketa bat dago oraindik, haren ustez. Baina berehala gehitu du: "Eta ez da horrela".

Basalduak beste gabezia bat ere ikusten du: publikoaren babesa. Horri buruz ari dela, bertsolaritzari begiratzen dio. "Bertsolaritzak daukan publikoaren babesa eskatuko nuke", dio. Haren ustez, babes hori egongo balitz, gainerakoak ere errazago etorriko lirateke: programazio gehiago, sorkuntza gehiago eta arriskatzeko aukera gehiago.

Umorearen neurria

Goitiberaren lanetan umoreak pisu handia du, baina ez dute edozein modutan erabiltzen. Gai gogorrak landu dituzte, besteak beste, kartzela, isolamendua, Gerra Zibila eta memoria. Umoreak lagundu dezake halako gaietara hurbiltzen, baina neurria ondo hartu behar da. "Umorea gauza oso potenteekin uztartu daiteke, baina jakin behar da zelan egin", dio Basalduak. Iribarrenek beste gako bat gehitu du: "Enpatia asko izan behar dugu besteen minarekin".

"Enpatia asko izan behar dugu besteen minarekin"

Hor kokatzen dute muga. Ez da gauza bera norbere minaz barre egitea eta bestearen mina erabiltzea. Basalduaren hitzetan, "ezin diogu zapalduari barre egin". Iribarrenek hortik ulertzen du clown-aren indarra ere. Norberak bere miseriak erakusten dituenean, publikoa barrura sartzen da; ez epaitzera, partekatzera baizik.

Antzerkia, eraldatzeko tresna

Sorkuntzaz ari direla, azokak ere ekarri dituzte hizpidera. Umore Azoka, esaterako. Ikuslearentzat jaialdi giroko hitzordua izan daiteke, baina konpainientzat erakusleiho garrantzitsua da, eta horrek badu presioa. "Zure lana arriskuan jartzen duzu", dio Iribarrenek. Izan ere, baliteke bi urtez landutako pieza bat aurkeztera joatea eta, unean bertan, akustika txarragaz, eguraldi kaskarragaz edo bestelako baldintza zailakaz topo egitea. Horregatik, Basalduak argi du halakoetara lana ahalik eta sendoen eramatea dela gakoa.

Zailtasunak zailtasun, biek argi dute zergatik egiten duten antzerkia. Ez dute artea apaingarri gisa ulertzen, ezta umorea entretenimendu huts gisa ere. "Gure lana eraldatzeko tresna gisa ikusten dugu", dio Basalduak. Iribarrenek antzera azaldu du: "Ez da polita delako bakarrik; gizartearentzat eta bizitzarentzat tresna bat delako baizik".

"Gure lana eraldatzeko tresna gisa ikusten dugu"

Hortik ari da Goitibera lanean: gorputzetik, kalean, euskaraz eta umorez. Baina, batez ere, publikoagaz topo egin guran. Plazan, aretoan edo herri txiki bateko jaialdian. Testua ulertu ala ez, gorputzak hitz egiten duenean zerbait gertatzen delako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun